2002a geroztik, Senegalgo Diembering herriak Anelkarren laguntza jaso du. Hamar urte hauetan, laguntza ekonomikoaz gain, Anelkarreko eta ibarreko zenbait lagun, urtero-urtero, bi-hiru hilabetetarako bertara joaten da. Tartean, Kristina Bakaikoa antzuolarra. "Guk laguntza eramaten dugu, baina herritarren inplikazioa oso handia da. Proiektu guztiak auto-jasangarriak dira eta bertako agintariek jarraipena egiten diote; garapenerako ezinbestekoa da-eta".
"Orain 5 urte, Bartzelonako elkartasun karabanarekin lanean hasi ginen. Kaxa bakoitzak 15 euroko kostua du. Bartzelonatik Dakarrera itsasontziz doa materiala. Han garraiolaria kontratatu eta Senegal osora banatzen du hemengo materiala.
2012rako helburuak
Cyber-gela eta liburutegia egitea da asmoa: "Aiherrarekin kanpaina bat abiatu genuen eta frantsesezko liburuak eman dizkigute Senegalera eramateko, bertako hizkuntza nagusienetako bat da-eta. Proiektua auto-jasangarria denez, lokala eurek jarriko lukete eta guk materiala eraman eta margotu, egokitu. Gainera hiru ordenagailu ditugu, bi Goizperrek emandakoak eta bestea etxean neukana".
Herrian ez dute Internetik, oso zaila dute; eta beste herri batera desplazatu beharra daukatela taxia garesti ordainduta azaldu digu Bakaikoak: "Cyber-gelan Interneterako konexioa jarri nahi dugu, eta aprobetxatuz, liburutegia, irakurtzeko ohitura handiegirik ez dute-eta. Luzera begira, ikastaro ezberdinak –elektrizitatea, iturgintza... tailerrak– emango genituzke herritarrei formazioan laguntza emanez", dio.
Bakaikoa erizaina da eta amatasun gelan egoten dela azaldu digu: "Anbulategia gertu dute baina ez dute dirurik ordaintzeko. Beraz, ez dituzte zauriak sendatzen eta gaiztotu egiten zaie inguruan saneamendurik ez dagoelako. Guk erditzen laguntzen diegu eta zauriak sendatzen ditugu", azaldu digu.