Jesus Agirre: "Orduko oposizioak proiektu asko atzera bota zizkigun, eta oso gogorra izan zen niretzat"

Miryam Galilea 2012ko api. 26a, 02:00

Jaiotzez bergararra da, baina, txikitatik, 3 urte bete zituenetik, Antzuolan bizi da Jesus Agirre. Antzuolartzat duela bere burua kontatu digu. Egungo Udal Gobernua "borondate onarekin" lanean dabilela ikusten duela dio. 81 urte ditu eta hiru seme-alabaren aita da; lau biloba ere baditu. Politikan ibilitako lau urteek ametsak egia bihurtzeko aukera eman ziotela azaldu gura izan digu.

Zergatik erabaki zenuen politikan aritzea? Zerk bultzatu zintuen?

Nire borondatea, nolabait, gure foruak eta gure ohiturak garatzea zen. Politikak nire nahia aurrera eramateko aukera eman zidan, nire bokazioa garatzeko baliabide gisa ikusten nuen; eta horregatik afiliatu nintzen Euzko Alderdi Jeltzalera.

Zein lan egin zenituen lau urteko agintaldi hartan?

Antzuolako Udalean zinegotzi lanak egin nituen; Kultura eta Kirol zinegotzi izan nintzen. Gai politak ziren eta ahal izan nuen guztia egin nuen hori garatzeko; antzuolarrendako eta Antzuolarentzako lan ondo egiteko asmoz. 

Zein izan zen hartu zenuen erabakirik gogorrena? 

Tokatu zitzaidan oposizioa nahiko gogorra izan zen. Hartu nahi genituen erabakiak behin baino gehiagotan ezin izan genituen aurrera eraman. Momentu oso txarrak pasatu nituen hura gainditzeko; hori izan zen niretzat txarrena. Adibidez, askotan, aurrekontuen inguruan neurriak jartzen ziren eta proiektu batzuekin atzera egin behar izan genuen.

Zein izan zen hartutako erabakirik gustukoena?

Gauza asko egin nituen. Erakusketa mordo bat jarri nituen, adibidez. Margotzea da nire zaletasun handiena, eta margolari askok parte hartu zuten erakusketetan. Baina lortu nuen gauzarik ederrenetariko bat herriko margolarien erakusketa antolatzea izan zen. Ez nuen uste herrian hainbeste margolari zeudenik, eta horrelako mailako lanekin, gainera; margo mordoa ekarri zituzten eta oso ederra izan zen. Horretaz aparte, Cesareo Gabarain jauna, Antzuolako apaiza, hil zenean haren izenean omenaldia egin genuen eta orkestra eta Errenteriako abesbatzak parte hartu zuten. Oso emanaldi indartsua eta elegantea antolatu genuen. 

Herria ezagutzera ematea izan al zen zure helburutako bat?

Herriaren izena zabaltzen saiatu nintzen. Antzuolak Madrilen kale bat du. Hango urbanizazioa egin zuen arkitekto tolosar batek jarri zion izena, zehazki. Udalean egon nintzen lau urteetan, Madrilgo Antzuola kaleko bizilagun guztiei txartel bat bidali nien Gabonetan. Telefono gidan begiratu helbidea eta Antzuolako udaletxearen argazkiarekin, euskaraz eta gazteleraz, Gabon zoriontsuak opa egiteko txartela bidali nien guztiei. Madrildik erantzunak jaso nituen; emozioz beterikoak asko.

Zerbait igartzen al duzu faltan? Orain zerbait egingo zenuke?

Bai, noski. Orain nire nahiak asetzeko modurik ez daukat, ez dakit nola zabaldu; Antzuolan gauza batzuk egingo nituzke, baina hauek aurrera eramateko modurik ez dut ikusten.

Kanpotik begiratuta, nola ikusten duzu gaur egungo Udala?

Nahiko borondate handiarekin dabiltzala lanean ikusten dut; laguntasun handia dute, batuta. Diru gutxi daukate, eta, horregatik, gauza handirik, inbertsio potolorik, ezin dutela egin uste dut; ezin gehiago eskatu une hauetan.

Zerbait aldatuko zenuke?

Elkarren arteko hartu-emana askoz zintzoagoa izatea gustatuko litzaidake, elkarri laguntzeko borondate handiagoa izatea, alegia. Elkarren arteko politikako gerra hau hasi zenetik elkarri jaten, zapaltzen ari direla uste dut, eta hori oso txarra da; gauza bat erabakitzen denean denok aurrera egin behar dute batera, eta orain ez da horrela jokatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak