Zer sentitzen da lasterketa bat lehenengoz irabazten denean?
Poztasun handia, emozioa, lanean jarraitzeko motibazio galanta.
Lehenengo garaipenak izan dira?
Bai, beno, infantil mailan ere irabazi nuen lasterketaren bat, baina kategoria horretan ez dute uzten garaipena ospatzeko eskuak eskulekutik altxatzen [Barre]. Orain, behintzat, ondo ospatu daitezke garaipenak.
Kadete mailako azken urtea duzu, ez dut uste iaz halakorik egingo zenuenik.
Ez, lasterketak amaitzeko itxaropenaz hasi nuen iaz urtea, baina gero lasterketa batzuetan aurrealdean ibili nintzen, eta bigarren ere helmugaratu nintzen, baina aurten lehenengoz irabazi ditut lasterketak.
Eta bat beharrean, oraingoz hiru. Zelako garaipenak izan dira?
Esprintean irabazitako lasterketak izan dira. Eibarren bederatzi lagun sartu ginen ihesaldi batean eta azken metroetan zegoen kurba baten abantaila hartu nuen eta lehenengo helmugaratu nintzen. Beasaingo lasterketan, berriz, Liernian hiru lagunek aurrera egin genuen, helmugara iristeko zazpi kilometro geratzen zirenean, eta proba hura ere esprintean erabaki genuen. Eta azken garaipenean, Elgoibarren, 60 ziklista inguruko taldea iritsi ginen azken kilometrora, eta hor ere lehenengo.
Hirurako esprintean. Zer behar da azken metro horietan erabakigarria izateko?
Indarra izatea beharrezkoa izango da, baina uste dut ondo kokatuta egoteak ere garrantzia handia duela.
Emaitza hauek martxoan jasotzeko, gogorra izan da negua?
Xabier Uriberekin, Jon Unamunorekin eta Xabier Aranzetarekin entrenatzen dugu, eta ez dakit gogorra izan zen, baina ibili gara entrenatzen, bai.
Aurtengo denboraldiko kontuak alde batera utzita, zer dela-eta txirrindulari?
Gaztetxoago ginenean Antzuolan Challenge moduko bat egiten zen, hainbat lasterketez osatutakoa. Lagun baten aitak animatuta eman genuen izena, eta irabazi egin nuen. Gustura ibili nintzen, eta orduan hasi nintzen bizikletan.
Eta ordutik, Bergarako Ziklismo Eskolan, Lokatzan.
Bai, infantil mailatik nago Lokatzan, duela lau urte. Orain momentuan Antzuolako lau gazte gabiltza klubean. Kadete mailan ari gara Jon Fernandez, Aritz Kortabarria eta ni, eta eskola arteko mailan dabil Iñigo Aranburu.
Lokatzatik hainbat ziklista antzuolar on pasa dira, azkenak Gurutz Larrea eta Xabier Arantzeta. Zuek moduko gazteendako erreferente izango dira, ala?
Bai, euren garaian lortu zutenari begiratzen diogu, afizionatu mailara iritsi zirelako. Gu oraingoz gustura gabiltza bizikleta gainean, eta horrekin nahiko, ez dut gehiago eskatzen.
Arantzeta entrenatzaile izanda, gainera, zer komentatzen dizue?
Ondoan ziklista nagusiagoak izan arren, irabazteko aukerak berdin-berdin izan ditzakegula.
Amaitzeko, etxean, nor duzu jarraitzaile fidelena?
Gurasoak etortzen dira lasterketetara, baina aitonak ez du inoiz kale egiten. Berak eramaten dit bizikleta konpontzera, mekaniko lanak egiten ditu... Asko eskertzen dut hori.