Nagore Igarza: "Argazkilaritzak bizi dugun egunerokoan geldi unea egitera gonbidatzen nau"

Maider Arregi 2012ko apirilaren 3a

Bergarako Aroztegin ezagutu genituen Nagore Igarza antzuolarraren lanak. Orain, Barneko Lurraldea argazki bilduma, Arteztu galerian, Donostian, duzue ikusgai maiatzaren 2ra arte.


Zer da argazkilaritza zuretzako?
Nire barnetik, intimitatetik inguruarekin erlazionatzeko modu bat da argazkilaritza. Modu azkar batean bizi dugun egunerokotasunean gelditzera gonbidatzen nau argazkigintzak, ingurua ezagutzen laguntzen dit behatzera. Cartier Bresson argazkilari famatuak bazuen gustuko dudan definizio bat: "Argazkilaritza burua, begia eta bihotza ardatz berdinean jartzea da".
Zelako argazkiak egiten dituzu?
Nire irudiak ikusgarri eta ikus ezina denaren artean kokatzen dira. Sinpletasunez eraikitako irudietatik, espazioaz, hutsuneaz, isiltasunaz... hitz egiten dut. Iradokigarri diren argazki irudien alde egiten dut erlazio intimu, unibertsal eta poetikoa azalduz.
Nolakoa da 'Barneko lurraldea'.
Ikusleak18 argazkik osatzen duten serie bat topatuko du. Argazki hauek ez dute mundua definitu nahi, pixkanaka erakutsi baizik. Proiektu honetako irudiak abstrakzio eta figurazio artean kokatzen dira, ikusgarri eta ikus ezina denaren artean. Zalantzazko eta iradokigarri bihurtzen diren argazki hauetako paisaiak, izate misteriotsu bat ematen dio argazkiko une bakoitzari. Eta horrela gure irudimena, dedukzio, uste eta fantasia martxan jartzen dugu gure Barneko Lurralde propioa sortuz eta honi esker gu geu ezagutuz.
Noizko zuren lanak herrian?
Orain esku artean dudan proiektu berria bukatzean saiatuko nahiz inguruko aretoren batean argazkiak erakusten.
Bartzelonako lehiaketa ezagun bat ere irabazi zenuen.
2006ko VI Grand Marina argazki sarietan, Accesit edo aipamen bat izan nuen. Orain dela bi urte Farrerako arte zentrotik (Lleida) sormenerako beka bat jaso nuen. Hilabetez zentroan egon nintzen, dena ordainduta, nire sormen lanean murgilduta, luxu bat.
Hauxe duzu azala. Orain pentsatu, sentitu, barneratu… zer dagoen haratago. Bere itxura hau bada, nolakoa behar du errealitateak?
Zuk erantzun beharko zenioke galdera honi. Nire ustez, errealitate ezberdinak dira bakoitzak bizi dituenak; bakoitzak erlazio intimu hori bilatu behar duenaren aldekoa; bere irudi propioa sortu behar duela uste dut.
Zein da inoiz atera nahiko zenukeen argazkia?
Hiroshi Sugimoto argazkilariak oso gertuko sentitzen ditudan irudiak lantzen ditu. Badu Theater deitzen den seriea oso gustukoa dudana. Egileak estatu Batuetako zine aretoak eta auto-zineak erretratatzen ditu. Argazkiaren esposizio iraupena filmaren proiekzio osoa da. Honela pelikula guztiaren argazkia lortzen du eta erakusgelaren arkitektura pantailaren argiarekin islatuta azaltzen da. Esposizio luze horien bidez, denbora maneiatzeko duen modu horrekin, bat-bateko argazki kontzeptuarekin kontrajartzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak