Antzuola eta antzuolarrak kontuan hartuko dituen lehiaketa abian

Maider Arregi 2012ko martxoaren 30a

Herriko edozein kale, iturri, mendi edo txoko erretratatzeko aukera egoteaz gain, herritarrek ere presentzia izango dute argazki lehiaketan. Maiatzaren 4ra arte parte har daiteke.

Antzuolan, 18 urtez, gai libreko  argazki lehiaketa egin dute; arrakasta handiz, gainera. Ondoren egindako erakusketak ere sekulako harrera izan du, parte-hartze handia izan duelako lehiaketak eta argazki asko egon delako erakusgai. 

Herritarren presentzia

Baina orain dela bost urte, hamahirugarren edizioak aldaketak ekarri zituen, berrikuntzak izan ziren, eta horrek beste lehiaketa bat ekarri zuen. "Antzuola gaia izateaz gain, antzuolarrak ere kontuan hartu gura izan genituen eta beste lehiaketa bat egitea erabaki genuen", azaldu digu Jone Larrañagak, Kultura teknikariak. 

Hala, Antzuolako edozein kale, iturri, mendi edo txoko erretratatzeko aukera egoteaz gain, herritarrek ere presentzia, garrantzia izango dute bigarrenez egingo den argazki lehiaketan. "Guk garrantzi handia ematen diogu bizitza eta bizidunei, herria herritarrek egiten dutelako. Beraz, argazkiak tokiei ateratzeaz gain, Antzuolako ohiturak, dantzak, jaiak, antzuolarrak… era guztietako gaiak erretrata daitezke".

Antzuola herri txikia da, eta elkarbizitzak inportantzia handia duela azpimarratu gura dute antolatzaileek;  bizitza eman behar zaio herriari eta horrelako ekimenek, zalantza barik, asko laguntzen dute herria bizirik mantentzeko.

Parte-hartzea bultzatzeko

Baina gaia horren zehatza izanda parte-hartzea jaitsi egin dela kontatu digu Larrañagak: "Parte-hartzea jaitsi egin da pixka bat; agian, askori erreparoa edo lotsa ematen diolako argazkietan azaltzeak. Baina esan gura dugu ez dutela inolako beldurrik izan behar. Badago pribatutasunaren inguruko legea, eta publikoak diren ekintzetan lasai asko atera daitezkeela argazkiak jakin behar dute herritarrek", azpimarratu digu. 

Erakusketa eta sari banaketa 

"Gero egiten den erakusketan argazki horiek denok oso gustura ikusten ditugulako", Larrañagak antzuolarrak parte hartzera animatu nahi ditu.

Aurten, sari banaketa San Isidro egunean egingo dute, maiatzaren 19an. Sari banaketa zapatu goizean egingo da. Asteburu horretan, gainera, 19an eta 20an, ikusgai izango dira ateratako argazki guztiak Olaranen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak