Helmugara bakarrik sartu zen Caja Ruraleko Eriko Muxika txirrindularia. 1.59.30ko denbora behar izan zuen Itsasondokoak 81 kilometroko ibilbidea egiteko. Sagastin hasi zen lasterketa eta amaitu, ostera, Uzarragako malda gogorretan.
Hasieratik, ihesaldiak
Lasterketa nahiko lasai hasi zen. Antzuolatik Oñatira hartu zuten txirrindulariek eta lehenengo itzuli horretan lehenengo ihesaldia egin zuten. Sei txirrindulariz osatutako taldeak aurre hartu zien gainerakoei: "Sei ziklista joan gara aurrera baina Sumofic taldeko bat bere ere ez da sartu ihesaldian. Hala, atzetik tiraka hasi dira eta harrapatu egin gaituzte", azaldu zuen amaieran Muxika irabazleak. Bigarren itzulian, Oñatin, beste taldetxo batek egin zuen ihes tropel nagusitik: "Bigarren ihesaldian ia talde guztietako txirrindulariak sartu gara ihesaldian", esan zuen Muxiak. Ihes egindako taldeak aurrera egin zuen eta Antzuolan zeudela Muxikak taldetik ihes egin eta helmugara bakarrik iristea lortu zuen. Bigarrena eta hirugarrena, Mikel Matxinea eta Imanol Iraola, 10 segundora sartu ziren; eta Sumofic taldeko Jokin Etxabe laugarren, 29 segundora. Eguraldia lagun jende asko joan zen lasterketa ikustera zapatuan.
Lehenengo garaipena
Denboraldiko lehenengo garaipena eskuratu zuen modu horretan Muxikak. "Gazte mailako bigarren garaipena da hau, iaz beste lasterketa bat irabazi nuen", adierazi zuen Muxikak. Esan behar da Erikori familiatik datorkiola ziklismoarekiko zaletasuna. Joxe Kruz Mujika txirrindulari ohiaren semea eta Jokin Muxika txirrindulari ohiaren iloba da Eriko.