Ikusteko dagoena da lasterketan egongo diren ihesaldi saiakeraren bat ona izango den eta azken bi kilometroak ihesaldian sartutakoen artean erabakiko duten, ala iaz gertatu moduan, tropela Antzuolara batera iritsi eta azken bi kilometroetan guztien arteko lehia ikusten den.
Antzuolarako tartea, gogorra
Lasterketak gazte mailako ziklista mordoa batuko ditu, eta tartean egongo dira Aloña Mendiko, Sumofic-Lokatzako eta Dorletako Amako txirrindulariak.
Hain zuzen, iaz Bergarako txirrindulariak izan ziren lan handiena egin zutenak. Kilometro dezentetan lasterketa buruan jarri eta gogotik egin behar izan zuten lan ihes eginda zihoan 12 laguneko taldea harrapatzeko; taldeko gizon arinak Uzarragara bidean ondo kokatzeko egin zuten lan.
Eta lortu zuten hori, atzean lan ondo egiten badute ihesaldiek nekez izaten dutelako arrakasta, Bergaratik Antzuolarako tartea aproposa delako abentura-zaleak harrapatzeko.
Baina garaipena eskuratzeko Bergarakoen lana bikain aprobetxatu zuena Mikel Garaialde izan zen. Uzarragako igoerako kilometro horietan erritmo bizia jarri eta Caja Ruraleko ziklista arinak ez zuen kontrariorik izan. Igoera horretan Iker Eskibel eskoriatzarrak –orain afizionatuetan– igoera ederra egin zuen, podiuma lortuta.