Virginia Imaz: "Ipuinetan lehenaldia dago, magikoa eta mitikoa den denbora"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko mar. 6a, 12:55

Ipuin tailerra egin zuten otsailaren 26an (domeka) Antzuolako Laskurainhaundi baserrian. Oihulari Clown taldeko Virginia Imaz ibili zen irakasle lanetan. Ikastaroaren aurretik izan ginen harekin.

Zer eskaintzen duzue ipuin tailerrean?
Tailer iraunkorra da, urte osoan egiten duguna, bi hilabetean behin gutxi gorabehera. 15 bat lagun batzen gara: irakasleak, idazleak, ipuin kontalari profesionalak… baita gurasoak, umeei ipuinak kontatu gura dizkietenak. Etortzen den jendearekin gure metodologia konpartitzen dugu. Nola prestatzen garen ipuin bat horrela kontatzeko. Ahozkotasunak bere legeak ditu: ez da gauza bera irakurri edo kontatzea. Hori ikasi, eta gero, nork bere erritmoa jarraituz errepertorioa prestatzen du.

Tailerrean parte hartzen dutenak gero ipuinak kontatutako dituztenak dira.
Bai. Batzuek ipuinak maite dituzte, kontatzea eta idaztea, eta etortzen dira inspirazio bila. Ipuinak asmatzeko ariketa asko egiten dugu. Gero, batzuk animatu egiten dira eta asmatutakoa kontatu egiten dute.

Ikastaro hauek jarraipena izaten dute?
Urtean zazpi saio egiten ditugu. Domeka osoa hartzen dugu, trinkoa izaten da. Nork bere erritmoa jarraitzen du, eta, norbait berria bada, nik azaltzen diot metodologia… gero komentarioak egiten ditugu eta elkarri laguntzen diogu. Batzuk etortzen dira jendaurrean hitz egiten ikasi eta lotsa galtzeko, elokuentzia lantzeko. Nola eman atentzioa eta nola mantendu jakin gura izaten dute, jendaurrean berba egiteko.

Zer garrantzi dauka ipuinak ondo kontatzen jakiteak?
Ez dira ipuinak bakarrik, nire ustez ahozkotasunak garrantzi handia dauka: nola inprobisatu, nola azaldu barruko gauzak, nola adierazi… ipuinen bidez gure burua kontatzen dugu eta mundua ere kontatzen dugu. Edozein arlotan komunikatzeko oso garrantzitsua da ahozkotasuna: zerbait saltzeko, film batean, umeei… Oso garrantzitsua da ipuinak entzutea. Ipuin batzuek ateak irekitzen dizkigute eta arnasa hartzen dugu: hau ere posible izan daiteke. Ipuinetan dena da posible.

Ahozkotasunari dagokionez, zeintzuk izaten dira ohiko akatsak? Ze gabezia sumatzen duzue?
Ipuinak propio kontatzeko bi oztopo ditugu: batetik, lehen, entzuten genuena kontatu egiten genuen, belarritik ahora zihoan eta ahozkotasunean geratzen zen, eginda. Baina orain, ipuin gehienak liburuetan ezagutzen ditugu. Hortaz, literaturatik ahozkotasunera pasatu behar ditugu eta hori ez da hain erraza. Literatura idatzian eta ipuinak kontatzerakoan istorioak ditugu, baina ez da kode bera. Literaturak bere gauzak onak ditu, ahozkotasunak ez dauzkanak, eta baita alderantziz ere. Bestalde, oraingotasuna daukagu: hedabideetan berria izan behar du oraintxe bertakoak, fresko-freskoa. Hori da hedabideetatik ekarritako ahozkotasuna. Ipuinetan ezberdina da, lehenaldia dago: "Bazen behin…" sartzen gara beste denbora batean, mitikoa edo magikoa.

Ze pauso ematen dituzue?
Denbora luzea hartzen du ipuinen sukaldeak. Liburu bat hartu eta ikusi nola pasatu ahozkotasunera. Begiratu ea zerbait falta dugun… ipuinak kontatzeko behar dugu garbia izatea. Ahozkotasunean lehenengo momentutik denak garbia izan behar du, ondo ulertu behar da: nork egiten duen zer eta zergatik. Horrekin denbora luzea pasatzen dugu, mota guztietako ipuinak aztertu, zergatik ipuin batzuek funtzionatzen duten hain ondo eta beste batzuk ez.

Badu antzeztearekin zerikusirik?
Ba, egia esan ez. Ipuinak kontatzea hitzen kontua da eta nik kontatzen ditudanean Virginia Imaz naiz, eta clown lanetan nabilenean nire pailazoaren papera hartzen dut, ez naiz Virginia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak