Oraindik lan handia dagoela egiteko azaldu digute Gazte Asanbladako kideek, baina ilusioa eta gogoa egon badagoela: "Obra ondorengo lehen pausoa hilaren 10ean eman genuen, lehenengo bilera informatiboa eginda. Bertan, herriko adin eta talde askotariko gazteak elkartu ginen, ilusioa eta indarra badaukagula adierazita eta hau aurrera eramateko egin diren esfortzu ekonomiko eta pertsonalei erantzuna emanda".
Gaztetxearen obra oinarrizkoena eginda dago. "Jasotako dirulaguntzarekin, helburua gaztetxearen oinarrizko obrak egitea izan da: elektrizitate, eraikin eta iturgintza lanak amaitzea. Azken finean, gaztetxeak probisionala izatetik iraunkorra izatera pasatu behar du. Gainera, egungo egoerarekin, kostua ere murriztu nahi izan dugu".
"Gure helburua, hasiera batean, eraikina zegoenetan hartu eta hau pixkanaka eraikitzea zen arren, denbora gure aurka geneukan, eta horregatik hartu genuen oinarrizko obra hau herriko langileek burutzeko erabakia, betiere segurtasun arauak betez".
Eta orain, eraikinaren oinarriak eginda dauden honetan, egiteko falta dena auzolanean egingo dutela nabarmendu digute: "Esan dezakegu obraren lehen pausoak eman direla, eta gainerakoak –margotzea, altzariak berriztatzea... –auzolanean burutuko ditugu. Auzolanerako egutegia topaketan zehaztu dugu, eta lanak banatu ditugu".
Gaztetxearen etorkizunaren erantzule eta sortzaile nagusiak gazteak eurak direla azpimarratu gura izan digute: "Gure asmoa da orain falta den lana herritar guztien artean egitea, auzolanaren filosofian murgilduta".
Gaztetxe berria
Bi komun, barra, agertokia, sukaldea, ekintzetarako gelatxo bat eta egoteko toki zabala izango ditu gaztetxeak. "Hasieran nahiko estu eta txiki geldituko zela uste genuen arren, tamaina polita hartu du eta oso argitsua da; kanpoan egoteko tokia ere badu", azaldu digute. 80ko hamarkadan erakin bat egin zen pilotaleku ondoan anbulatorioa jartzeko.
Baina Torresoroa eraikina egin zenean anbulatorioa hara eraman zen eta eraikin hori libre gelditu da. "Udalak barrukoa egokitzeko obrak egin ditu gaztetxe bihurtzeko. Aurretik zeuden komunak eta igogailua mantendu egin dira, baina beste guztia egokitu egin da eta larrialdietarako eskailerak jarri dira. Lehen zeuden horma guztiak bota eta dena berria egin da: zoruak, paretak, sabaiak, distribuzioak eta instalazioak", azaldu digu Valen Monuxek, Udaleko aparejadoreak.
Guztira, 166 metro koadro ditu. "Oso lokal ederra gelditu da; abantaila da etxebizitzetatik urrun dagoela. Gazteak asko inplikatu dira; gauza praktikoak egitea izan dute helburu, luxurik gabe. Parte-hartze handiagoa nahi zuten obran, baina oso konplikatua da, segurtasun neurriak direla-eta. Horregatik, lan potoloenak Udalak kontratatutako enpresek egin dituzte", esan digu Monuxek.
Gaztetxeko obrak egiteko aurrekontua 120.000 eurokoa zen. Baina 107.000 euro kostatu da; Eta 64.000 euroko laguntza eman du Eusko Jaurlaritzako Gazteria sailak.
Esperientziak elkartrukatuz
Egindako topaketetan, gaztetxearen gaineko hausnarketa eta falta diren lanen egutegia zehazteaz gain, beste herri eta belaunaldi batzuetan izan diren gaztetxeetako funtzionamendua eta esperientzia ere jaso dituzte antzuolarrek. "Gaztetxearen orain arteko funtzionamendua nahiko ezegonkorra izan dela ikusita, beste esperientzia batzuetatik ikastea oso garrantzitsua zela ondorioztatu genuen. Hori dela eta, Urretxu-Zumarragako gaztetxekoak etorri dira euren esperientzien berri ematera; baita maristetako gaztetxearen hasieretan eta gerora jardun zuten herritarrak ere". "Kudeaketa iraunkorra finkatzeko eta aurrera begira eman beharreko pausoak zehazteko egin ditugu topaketak. Asmoa, batez ere, gestioan eta gaztetxearen etorkizunean oinarritzea da".
Auzolanerako egutegia zehaztuta, nahi duen orok ditu ateak zabalik: "Lanera etorri nahi duen edozeinendako egongo da gaztetxea zabalik, animuak emateko bakarrik bada ere. Parte-hartzeko interesa daukan edozein herritar gonbidatu nahi dugu, amesten dugun gaztetxea benetan sortu eta eraikitzeko egunak izango direlako", azaldu digute.