Zertan diharduzue Mairuaren Alardeko elkartekook?
Udalaren eta elkartearen arteko hitzarmena lantzen jardun dugu. Dena ondo joanez gero, martxoaren 6ko udalbatzarrean onartuko da. Bestetik, martxoaren 9an herritarrei inkesta egingo diegu. Aste Santu ondoren, berriz, aurtengo alardearen antolaketari ekingo diogu. Foru Aldundiko Kultura Zuzendariarekin hitzordua adostua daukagu alardeari babesa eta laguntza emateko.
Zer dela eta udalaren eta elkartearen arteko hitzarmena?
Bien helburua da alardea antolatzeaz gain, sustatzea, babestea eta zabaltzea; belaunaldiz belaunaldi bizirautea eta herritarren atxikimendua indartzea. Helburu horiek hobeto beteko dira indarrak batuta, elkarlana eraginkorragoa delako. Batera azaltzeak gure mezua indartuko duelakoan gaude: Mairuaren Alardea bakarra, geurea da; denok gaude bere alde lan egiteko. Ondorioz, gure ustez, Alardearekiko antzuolarrok dugun identifikazioa ere indartu egin liteke.
Inkesta zer dela-eta?
2009an Mairuaren Alardea aldatu eta biziberritu egin zen. Baloratu nahi dugu aldaketok herritarrengan zein harrera eta eragin izan duten, eta alardearekiko jarrera nolakoa den, aurrera begirako urratsak eman ahal izateko. Inkesta, batetik, Internetez egiteko aukera egongo da www.antzuola.com webgunean; bestetik, martxoaren 9an, barikuan, herritarrei inkesta kalean egingo diegu. Eskertuko genuke jendeak parte hartzea eta inkesta betetzea, oso lagungarri izango delako gure eginkizunak bideratzeko. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartuko duten guztiei.