Gastuetan, aldiz, kopuru berdina, Inma Beristain alkateak esan moduan, zifrei dagokienez, aurrekontuak ondo koadratu dituzte-eta. Horretarako baina, ibilgailu eta etxebizitzen zergak igoko dituzte. "Zergak KPI-a baino gehiago igo behar izan ditugu Udalak Kutxarekin zuen kontratuaren ondorioz. Izan ere, mailegua lortzeko baldintza bat zen. Ondorioz zerga nagusiak asko igo ditugu: ibilgailu eta etxebizitzen zergak, denok erabiltzen ditugunak".
Udalak, kontuak osasuntsu izatea eta zorrak ondo ordaintzea gura ditu. Inbertsioei dagokienez, 125 mila eta 600 euro bideratuko dituzte. Iaz baino 36 mila eta 300 euro gehiago (89.291 euroko inbertsioa egin zen-eta 2011n). Dena den, inbertsio gehienak egiteko diru laguntzen zain daudela nabarmendu digu Beristainek: "Parke gorrian arazo bat dago. Izan ere, ura garajetara sartzen da eta horri irtenbidea eman nahi diogu, aurreikusita dugu. Gainontzeko inbertsioak egiteko diru laguntzen zain gaude. Esaterako, eskolako patioa konpondu gura dugu haurren jolas parkea egiteko. Ur sarea zabaltzeko lanak egitea ere nahi da".
Hala, orain helburua, Antzuolak dituen zerbitzuak mantentzea da; Izan ere, diru-sarrerak asko gutxitu direla azpimarratu digu Beristainek. Eta gastuei dagokienean, Gastu pertsonalak dira ohi moduan gastu azpimarragarrienak, 760 mila euro pasatxokoak izatea aurreikusi ditu-eta Udalak.
Bestetik, hurrengo urtera begira, aurrekontuak herritarrekin batera, prozesu parte-hartzailean erabakiko dituztela azaldu du: "Udalbatzarrean onartu aurretik, jendaurrean aurkeztu gura izan ditugu aurrekontuak herritarren iritzia jasotzeko. Asmoa da 2013rako denen artean egitea". 2012rako aurrekontu proposamena, datoren osoko bilkuran onartuko ditu udalak, martxoaren 6an, alegia.