Iñaki Agirre: "Antzuola ohorezko mailan ikustea da taldearen ametsa"

Maider Arregi 2012ko otsailaren 24a

Antzuolako futbol taldeak, ia desagertzear egotetik, sasoi betean dagoela erakutsi du. Antzuolako futbol taldeko kapitaina da Iñaki Agirre; jokalariek hala erabaki eta bozkatu zutelako. Futbol zelai berrian egin dugu hitzordua Agirrerekin. Taldearen bolara bikaina ikusita, pozik eta irribarrea aurpegian duela, azaldu da 26 urteko antzuolarra.

Gauzak ondo egiten ari zarete.
Hamar partidu falta dira, eta bakarra galdu dugu. Ea orain arteko zorte ona mantentzerik lortzen dugun. Bigarren gaude sailkapen nagusian eta ohorezko mailara igotzeko ilusio eta gogo handia daukagu; baina ondo egin behar ditugu gauzak.
Ametsa, egon badago.
Jende gazte askok osatzen du taldea; gehienak antzuolarrak. Egia esan, taldearen bueltan jende asko mugitzen da; Bergarara joaten garenean, esaterako, aluzinatu egiten dute antzuolarren animu eta mugimenduarekin. Aste honetan derbia dugu Aretxabaletaren kontra, giro polita izango dugu!
Gustura etortzen dira Eztalara.
Zelai berria dugu,orain hiru udara egindakoa. Inguruko zelai politena dela esango nuke, duen parajearekin! Gainera, horrelako belar zaindua eta erabilera gutxi duen zelairik ez dago. Gustura etortzen dira hona jokatzera!
Bigarren buelta hasi duzue.
Lagun Onak eta Ordiziak beldurra ematen digute. Getariarrak ere gogor dabiltza; ea zortea dugun eta lehenengo jartzen garen. Balorazio positiboa egiten dugu; espero genuena baino gorago ibili gara. Eguneroko lana egin behar dugu orain. Antzuolak inoiz ez du ohorezko mailan taldea izan eta historian lehen aldia izango litzateke. Herriagatik polita izango zen ohorezko mailan egotea!
Noiztik duzu futbolarekiko zaletasuna?
Txikitatik ibili naiz futbolean. 12 urte nituela, Zumarragako taldean jokatzen nuen, izan ere Antzuolan ez zegoen eta talderik. 18rekin erregional mailan herrikoekin jokatzera pasa nintzen.
Kapitain aukeratu zaituzte.
Bozketa egin genuen orain dela bi urte, eta halaxe tokatu zitzaidan. Lehen jokalari zaharrena aukeratzen zen.
Taldea ez desagertzeko lan handia egindakoa zara.
Taldea desagertzear zegoen, zuzendaritza berria sartu zen; lan handia egin genuen. Zortea izan genuen herriko jendeak ez zuelako futbol gabe geratzea nahi. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak