Antzuolako udalerria osatzen duten lurrek 22,3 kilometroko perimetroa dute eta 63 mugarri daude: 29 Bergararekin mugan, 13 Oñatirekin, 13 Legazpirekin, 11 Urretxurekin, bi Zumarragarekin eta bi Azkoitirekin. Horietako batzuk bi edo hiru herrien arteko mugan daude. 
Batzuetan mugarri-puntuetan zeuden, baina beste batzuk berriak egin behar izan dituzte. "1939-1942 urte artean Gipuzkoako herrien arteko mugarriei buruzko azterketa topografikoa egin zuen Foru Aldundiak. Txosten hori oinarri hartuta Antzuolako mugarrien egoera ikusi genuen. 63 mugarri-puntuetako zortzitan mugarriak falta ziren eta beste batzuetan apurtuta zeuden. Berriak egin eta zeuden batzuk konpondu egin ditugu", esan digu Iturbek.
Antzuolak dituen mugarriak mota askotarikoak dira: herri-izena daukatenak (Anzuola, Vergara...), zenbakiarekin, harri irregularrekoak (Arrolakoa), edo harri naturalekoak (Burdinkutza eta Osinbeltzen). Dena den, mugarri guztiak harri landuak dira, eta gehienek 15x28x100 zentimetroko neurria dute.
Iturberen arabera, Antzuolan jarritako lehen mugarriak 1768 ingurukoak izan daitezke: "Gipuzkoan, 1889an jarri ziren mugarri gehienak".
Mugarriak erreferentzia
Mugarriak udalerri baten lursailak markatzeko erabiltzen dira. "Mugarriak, harri zatiak alegia, erreferentziak dira. Herriaren mugak orokorrean elementu orografikoek zehazten dituzte: errekak, errepideak, sakonerak.. Mugarriak harriak dira, baina bi herriren artean liskarrak daudenean, erreferentzia moduan erabiltzen dira. Oso inportanteak dira", esan digu Iturbek.
Antzuolako herrigunetik gertu hainbat mugarri ikus daitezke. "Deskargan, errepide alboan daude batzuk. Beste bat dago Bergaratik Antzuolarako bidean. Autobidearen lanak tarteko, lekuz kanpo dago, bide bazterrean", azpimarratu du Iturbek.

Informazioa Aldundira
Antzuolako mugarriak identifikatzeko orduan, Foru Aldundiak 1942. urtean egindako aktak hartu dituzte kontuan. Orain, mugarriak ipintzeko lanetan egon direnek emandako informazioaren beste txosten bat egingo dute. Mugarri bakoitzaren GPS datuak, ezaugarriak eta bestelako informazioa jaso dute. "Informazio guztia www.gipuzkoa.net-en dago. Atari horretatik jaits daiteke mugarrien informazioa: GPSko datuak, ezaugarriak eta argazkiak batu dituzte. Urtarrilean ipini ditugun azken mugarrien gaineko informazioa bidali diegu, eta laster batean ipiniko dute eskuragarri", esan du Iturbek.
Bost urteko bidea bukatuta, eskerrak eman gura dizkie mugarrian ipintzeko lanetan parte hartu duten herritar guztiei: "Eskerrik asko, guztiei".