Aratuste-domekarako guztia prest dute herritarrek. Oinarin dantza taldeak azken entsegua bihar, zapatua, egingo du, 10:30ean, Torresoroan. Aitziber Goñi eta Nora Legorburu Oinarin taldeko kideekin izan gara domekako festaren gaineko xehetasunak jakin guran.
"Antzuolan Aratusteak ospatzeko tradizioa betidanik izan da; sorgin-dantza, gutxi gorabehera, 1985ean egin zela lehen aldiz diote jasotako datuek. Oinarin dantza taldeak 1990ean berreskuratu zuen ohitura, eta sorgin-dantza berriro kalera atera". Indarra hartzen ari den eguna da domekakoa. "Herri mailan askoz jende gehiago mozorrotzen da eta eguna indartu egin da. Bazkaria egiten dute koadrilek; sekulako giroa egoten da herrian".
Herritarren parte-hartzea
75 haur inguru ikusiko ditugu dantzan. 6-7 urteko txikitxoek, gainera, lehen aldiz egingo dute dantza aurten. Sorgin-dantza, aldiz, 14 dantzarik egingo dute. Bigarren dantza taldean 24-30 herritar inguru arituko dira. Musikariei dagokienez, bi talde ibiliko dira dantzariei lagun eginez. "Igarri dugu inoiz dantza taldean ibili ez direnen koadrilek herrian pasatzen dutela eguna eta mozorrotu egiten direla. Herriko giroa bikaina izaten da", gaineratu digu Goñik.
Egun osoko festa
Hamarrak aldera irtengo dira kalera dantzariak: talde bat, sorgin-dantza eginez, Hartzarekin, Tximinoarekin eta Hezitzailearekin batera Kalegoi aldera joango da. Beste dantza taldea, berriz, Aratuste giroko dantzak eginez, Kalebarren aldera joango da. Hala, guztiek herriko kale guztietan dantza egin ostean, elkartu egingo dira salda beroa hartzeko eta sabela berotzeko. 12:30 aldera Herriko Plazan batuko dira, dantzari txikiekin batera. Talde bakoitzak dantza ezberdinak dantzatuko ditu. Festari bukaera borobila sorgin-dantzarekin emango diote, herritarren begiradapean.
Aratusteetako egitaraua
Egubakoitza 17
- 16:00: Inauteri ospakizuna, eskolan. Txokolate eta torrada jana.
Domeka 19
Aratuste ospakizuna, Oinarinek antolatuta.
- 10:00: Dantzarien kalejira. Eurekin batera ibiliko dira hartza, tximinoa eta domadorea.
- 12:30: Dantza saioa Herriko plazan: umeen saioa, helduena eta sorgin dantza. Bertan izango dira hartza, tximinoa eta domadorea ere.
Martitzena 21
- Aratuste ospakizuna: merienda, mozorro lehiaketa eta kina. Jubilatu elkartean.