Idazlea eta ipuin kontalaria
Pablo Albok 1994an kontatu zituen lehen aldiz ipuinak jendaurrean. Idazlea eta blogaria dugu Albo. Palabras izeneko bitakoran bere pentsaerak eta hausnarketak jarraitzeko aukera ere ematen digu: www.pabloalbo.blogspot.com. Hitzen hezitzaile gisa aurkezten du bere burua. Ipuinek ez dutela adinik dio, baina adin bakoitzak bere ipuina daukala gaineratzen du blogean. Umorez jantzitako ipuinak dira, baina azpian, barrenean sakontasuna dutenak eta publikoari zer pentsa eragiten dioten istorioak dira. Gorputzez eta arimaz kontatzen ditu ipuinak, keinuekin eta begiradarekin. Idazlea ere bada eta haurrendako 27 liburu idatzi eta argitaratu ditu. Bestelako helduendako eleberriak ere argitaratu ditu; zazpi guztira: Mar de sábanas, (2003); Estela, (2008); Marabajo, (2008); Diógenes, (2008), ¿Rinoceronte?¿Qué rinoceronte?, (2009); El último canto, (2010) eta azkena, Gigante poco a poco, (2010).
Haurrendako ere
Eta nola ez, herriko txikitxoenendako, Antzuolako liburutegiak eta kultura sailak antolatuta, domekan Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariaren istorioez gozatzeko aukera izango dute. 4 eta 9 urte bitarteko haurrendako saioa da. Torresoroan egingo da 18:00etatik aurrera domekan eta sarrera doan da. Ixabel Agirresarobe Usurbildarra da. Esperientzia handidun kontalaria eta aktorea ere bada Agirresarobe. Ipupomamua umeendako saioan Hans Christian Andersen idazle handiaren ipuinak kontatzen edota Wazemank umorezko saio arrakastatsuan aktore lanetan ere izan da usurbildarra, besteak beste. Eta ezin ahaztu, Xabinaitor antzezlan arrakastatsuan ere Alkain eta konpainiarekin Agirresarobek egindako lana. 1990ean hasi zen kontalari gisa eta dagoeneko makina bat liburutegi, gaztetxe, barnetegi, ikastetxe eta areto zapaldu ditu Euskal Herrian.