Harrera beroa egin diete Antzuolako haurrek Aiherrakoei

Julen Iriondo 2012ko urtarrilaren 20a

Antzuolako eskolan bisita berezia jaso dute gaur, Aiherrako ikastetxe publikoko 13 ume etorri zaizkie eta elkar ezagutu eta eguna batera pasatzera.Harrera beroa egin diete antzuolarrek Iparraldekoei. Eskola eta herria ezagutzeko asmoa ere bazuten, eta ziur jolas mordoa egin dutela elkarrekin.

Antzuolaren eta Aiherraren arteko senidetzeak ia baditu 30 urte eta askoz gehiago izan ditzan hazia ereiten jarraitzea erabaki dute bi herrietako ikastetxeek. Horrela egin diete gonbidapena antzuolarrek aihertarrei gaur herrira etorri eta eguna elkarrekin pasatzeko.

Goiz erdian iritsi dira Iparraldekoak, 13 neska-mutiko bi irakaslerekin.

Zain zituzten jolasleku bete ume eta hauetako batzuk trikitixarekin ere bai. Aurreskua egin diete eta kopla batzuk abestu. Pantxike Arin Antzuolako eskolako zuzendariak eta Inma Beristain alkateak bi berba egin dituzte ondoren.

Antzuolar eta aihertar ume, elkar hobeto ezagutzeari eta batera jolasteari ekin aurretik hamarretakoa egin dute Iparraldekoek, eta senidetzearen gaineko liburua jaso dute opari alkatearen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak