Zer dela-eta sortu duzue talde hau?
Antzuola mailan parte-hartzea bultzatzeko talde bat egoteko beharra ikusi zen eta horregatik sortu genuen; norberak bere ekarpena egiteko, baina beti ere eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokarekin lotuta. Ezin da ahaztu presoak direla gaur egun eskubide horiek gehien urratuta dituztenak eta Antzuolan daukagu Eltzikorta. Horri guztiari lotura emanez sortu genuen Ez dot moztuko bizarra! taldea.
Herri mailako talde bat da, beraz.
Antzuolarroi parte hartzea gustatzen zaigu, baina ekintzetara ez gara pasatzen. Agian beldurra ematen digulako zerbaitetan parte hartzeak izango duen eraginak edo loturak. Helburuetako bat da hori gainditzea eta parte-hartze natural bat bultzatzea, herriko denok ezagutu gaitezen.
Parte-hartzea bai, baina eskubide zibil eta politikoen alde egiteko.
Eskubide zibil eta politikoen arloa zabala da eta zilegi da aldarrikatzea denon eskubide horiek errespetatuak izatea, era berean horrek ekarriko lukeelako Antzuolan pertsona bakoitza libre bizitzea, orain ditugun mugak eduki barik. Hori lortzeko oinarria da kaleko jendeak parte hartuko duen mugimendu bati indarra ematea. Talde honi izaera emango diote bertan parte hartzen dutenek, ez alderdi politiko batek, ez marka batek... Gure marka hori izango da eskubide zibil eta politikoen alde egiten dugula eta gainera herritar denek parte hartzea nahi dugula denon artean taldearen izaera hori sortzeko.
Ekintza batzuk ere egin dituzue.
Uztailean hasi ginen batzen eta Gabonak arteko egitarau bat egin genuen. Helburua da gauza txikiak egiten joatea. Orain arte egin dugun ekintza garrantzitsuena Gabon egunekoa izan da: kantuan irten, umeendako eskulanak, Eltzikorta-ren eskutitza irakurtzea, luntxa... Gure taldeko informazioa eta ekitaldiak ikusteko panel bat jarri genuen. Eskubide zibil eta politikoekin zer ikusia duten gertakizunak eta informazioa ere jarriko dugu bertan.
Beste ekintzaren bat egiteko asmorik baduzue?
Bizi dugun egoerak eraginda nahi duguna da dispertsioaren inguruko informazioa ematea, baita Parot doktrina zer den agertzea ere. Bestetik, jende ezberdina guregana hurbiltzea nahi dugu.
Norbaitek taldean parte hartu nahi badu, zer egin behar du?
Parte hartzea nahi izanez gero gure e-posta helbidera idatzi ezdotmoztukobizarra@gmail.com edo kalean lasai gerturatzeko.