1985eko martxoan jarri zuten argazki estudioa Kalebarren 1eko etxebizitza batean Mari Paz Ugalde eta Juan Kruz Lizarraldek. Han urte eta erdi egin ostean denda zabaldu zuten Kalebarren 1eko etxabeetan. Argazki dendaz gain, bitxi eta erloju denda ere bazen hura. Azken urteotan ezagutu dugun plazako denda 1989ko abenduaren 18an zabaldu zuten; oraingo argazki, erloju eta bitxi dendak 22 urte egingo ditu.
Urte hauetan guztietan antzuolarron argazkilari izan dira Ugalde eta Lizarralde eta asko izan dira dendako estudiotik pasa diren herritarrak. Herriko festa guztietan ere hor ikusi izan ditugu argazkiak egiten; horren adibide dira eskuman ikus ditzakegun aspaldiko argazkiok.
Ezkontzak, berezienak
Mari Paz Ugaldek kontatu digunez harreman berezia izan du beti bezeroekin eta berezituko luke argazkiak ateratzea estudioan edo ezkontzetan: "Ezkontzekin oso harreman berezia gelditzen da. Lan zailagoa da, arduratsuagoa eta asko jokatzen duzu. Dendan ere oso gustura egon naiz beti; gustatu egiten zait jendearekin harremanetan egotea". Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkie Ugaldek urte hauetako guztietako bezeroei: "Dendak asko eman dit; asko aberastu nauen harremana izan dut jendearekin dendari esker".
Digitalerako pausua
Duela zazpi bat urte eman zuten argazkilaritza digitalerako pausua eta hasieran gogorik ez bazuen ere "gustua hartu" diola aitortu digu Ugaldek: "Analogikoarekin aurretik egin behar zen lan dena, baina digitalarekin lan handia egin dezakezu ondoren. Txarrena da duen lan hori dena kobratzea ezinezkoa dela". Digitalak badu beste alde txar bat ere: "Analogikoarekin errebelatzen zenarekin konparatuta, gaur egun horren %10 edo %20 errebelatzen da". Argazkigintzan negozioa aldatu eta errebelazio gutxiago egiten zirenez denda itxi edo beste zerbait jartzeko asmoa azaldu zuten duela hiru urte. Hala, oinetakoak saltzen hasi zen Ugalde: "Ondo saltzen ziren oinetakoak, baina asko erosi behar izaten zen eta horrelako herri txikian zaila izan da. Erre egin naiz", esan digu. Horrek eraman du, batez ere, jarduera eten eta denda ixtera.
Herriko merkataritza
Azken urtean herriko merkataritza giroa jaitsi egin dela azaldu digu Ugaldek eta herriko negozioak sustatzeko proposamena ere luzatu digu: "Antzuolan dendak zabalik mantentzea eta herrian erostea oso garrantzitsua da. Denda guztiak ixten ari bagara, zer da Antzuola merkataririk gabe? Ezer ez".
Denda itxita burua lasaitu nahi duela azaldu digu Ugaldek eta gustura dagoela lokalean jarraipena izango delako.