Kongon egindako azken proiektuen berri emateko hitzaldia, Olaranen

Miren Arregi Amasorrain 2011ko abenduaren 14a

Bittor Arbulu antzuolarra Kongon izan da irailean Tomas Madinabeitiarekin eta Agustin Lazarobasterrekin batera. Hango Kapiri herrian garbitokia eta bost iturri ipini berri dituzte eta horren berri eta etorkizuneko proiektuen gainean berba egiteko, hitzaldia egingo dute bihar, Anelkarren eskutik, 18:30ean, Olaranen.

30 urte pasatu dira Tomas Madinabeitia apaiza Kongoko Kansenya lurraldean hainbat proiektutan lanean hasi zenetik. Umeen eskolaratzea zen orduan helburua; bereziki eskolak materialez hornitu eta maisuen soldatekin laguntzea.

Gero batu zitzaizkien proiektura Andres eta Bittor Arbulu antzuolarrak; euren lana, Tomas Madinabeitiarekin eta Agustin Lazarobasterrekin batera Kansenya herrira lehenengo eta Kapirira gero, ura eramatea zen. Gaur egun bai Kansenyan eta baita Kapirin ere, bosna iturri daude eta azken honetan, erdigunean, baita garbitokia ere. Kapiriko proiektua irailean bertan amaitu zuten, Anelkarrek eta beste elkarte batzuek egindako ekarpenari esker, hein haundi baten.

Arbuluk, Larazobasterrek eta Madinabeitiak, baina, ez dituzte hemen bukatuko Kongoko Kansenya lurraldeko proiektuak; orain, Kapiritik 7 kilometrotara dagoen Mutobo herrira ura eramatea da asmoa. Baita Kansenyako ospitalera ura ganoraz eta garbi iritsi dadin ere beste proiektu bat hastea.

Egindako proiektuen eta etorkizunekoen berri emateko berbaldia egingo dute bihar Madinabeitiak eta Arbuluk, 18:30ean, Olaran etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak