Klak!sonen disko berria aurkezteko kontzertua

Usoa Agirre 2011ko azaroaren 24a

Luze jo du Klak!sonen disko berriak, baina azkenean egubakoitzean, azaroak 25, ikusiko du argia. Torresoroan aurkeztuko du taldeak 'Zai At Devo City' izeneko disko berria. 22:00etan hasiko da kontzertua, 3 euro ordaindu beharko da sarrera eta aretoan bertan 4 euroren truke eskuratu ahal izango da diskoa (5 eurotan egongo da salgai tabernetan).

Kontzertu berezia izango dela kontatu digute Klak!soneko kideek, aspaldian jo barik baitaude. Baina, gainontzean, kontzertu dinamikoa egin nahi dute, 12-13 abestirekin.

2009an hasitako lana

Zai At Devo City diskoak zazpi abesti biltzen ditu eta Jon Gurutz Biteri teklatuaren arabera, "disko abstraktua eta poetikoa da, eta letrek joko polita sortzen dute fonetikaz baliatuz". 2009an hasi ziren grabazioak egiten DYAren egoitzan duten entsegu lokalean eta "grabazio artisanala" izan dela esan digu Biterik. Nahasketak eta masterizazio lanak Bartzelonan egin dituzte, Joseba Iturbe Pit-ekin.

Abestietako musika taldekide guztien artean konposatu dute eta letra gehienak (Atrako izan ezik) taldeko baxu-jotzaile izan zen Jon Pinillosek egin ditu. Abesti bat bukatzeko prozesua luzea izaten da askotan: "Abestiak modu guztietara egin ditugu. Batzuetan etorri da gitarra-jolea ideia batekin eta denok hasi gara berari laguntzen. Beste batzuetan egin izan dugu duela sei urteko grabazio bat hartu, eta horrekin zerbait egin... Denok hartzen dugu parte abesti baten eta asko kostatzen zaigu abesti bat bukatzea", kontatu digu Mikel Arriaran bateria-jotzaileak.

Tabernetan salgai

Diskoa taldeak berak ekoiztu du eta banaketa ere beraiek egingo dute. Antzuolan Mox eta Surpe tabernetan egongo da salgai; Urretxun gaztetxean; eta beste herri batzuetako tabernetara zabaltzeko asmoa ere badute. Durangoko azokan kontzertua eskainiko dute abenduaren 8an, Ahotsenea gunean; han ere salgai izango da diskoa.

www.myspace.com/klakson5

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak