Aurten ere egun osoko jaia antolatu dute eta berrikuntza ugari egongo dira. 11:00etatik 12:30era bitartean pintxo lehiaketa egingo dute: talde bakoitzak bi pintxo ezberdin egin beharko ditu eta arduradunek guztiei osagai batzuk emango dizkiete. Baina osagai horiez gain, bakoitzak nahi duen dena erabili ahal izango du. Pintxo lehiaketa bukatu ostean, Trikimonopatin poteoa egingo da herriko trikitilariekin.
Poteo berezi horretarako monopatinarekin joan behar dela esan dute antolatzaileek, baina norbaitek ez badauka monopatinik, patinete edo patinekin ere parte har dezake. Poteoaren ondoren bazkaria egingo da. Aurreko urteetan bezala, aurten ere herriko pilotalekuan egingo da Independentzia Eguneko bazkaria; 115 lagunek eman dute izena.
Kontzertuak gauean
Arratsaldean, bazkariaren ostean jarraituko du festak. Bazkalosterako jolasak antolatu ditu Gazte Asanbladak.
Gauean, 22:30ean, festa amaitzen joateko bi kontzertu antolatu dituzte gaztetxean. Enkore rock talde bilbotarra izango da lehenengo; Gaztea maketa lehiaketaren azken edizioko irabazleak dira. Bigarren kontzertuan Irrintzi taldeak folk eta ska doinuak ekarriko ditu.