Ura baserrietara eramateko bigarren faseko lanak bukatuta

Usoa Agirre 2011ko azaroaren 16a

Iaz hasi ziren baserri-auzoetan ur saneamendu lanekin eta lan horien bigarren fasea egin dute aurten. Lizarragan 200 metro kubikoko ur-depositua jarri zuten iaz eta, horrekin batera, ura Laskurain handi baserri ingurura eramateko hoditeria ere sartu zuten. Horren ondoren, Laskurain handi baserritik Irimo auzoraino ura eramateko lanak egin zituzten; trenbide zaharretik jarri zuten ur sarea.

Aurten, berriz, lanen bigarren faseari ekin diote. Hain zuzen ere, ura Laskurain handitik Galartzaraino eramatea da udalaren asmoa eta orain egin dituzten lanekin Lizarriturrirainoko ur sarea jarri dute. Laskurain handitik Lizarriturrirainoko hoditeriaren lanek 41.666 euroko kostua izan dute. Lanok egiteko 25.000 euroko diru-laguntza jasoa zuen Udalak Debagaraia erakundetik.

Hurrengo fasea 2012an

Esan bezala, ura Galartza auzoraino eramatea da Antzuolako Udalaren asmoa. Hala, Inma Beristain alkateak adierazi digunez,  hurrengo urterako aurrekontuetan sartuko dute horretarako diru-partida bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak