Soberan dauden paretak bota dituzte, eta orain dator beharrezko instalazioak egitea eta gaztetxea izango den gune berria eraikitzea. Lanak udaberrirako amaitzea da asmoa, nahiz eta gero guztiz jantzi eta atontzen amaitu beharko duten: normal funtzionatzen hasteko datarik ez dago oraindik.
Aspaldiko proiektua da gaztetxea Kalebarrendik frontoi ostera, osasun etxea egon zen eraikinera eramatearena. Jose Angel Zabalo alkate zela hasi ziren lantzen eta 2010 urteko udal kontuetan aurreikusi zuten lanak egiteko dirua –120.000 euro–. Anbulatorioa Torresoroara lekualdatzea, baina, uste baino gehiago atzeratu zen eta horrek ekarri du obra hainbeste atzeratzea.
146 metro koadro
Baina lanak martxan dira dagoeneko; eta martxan dira udaleko Hirigintza Sailak gazteekin adostutako diseinuaren arabera: "Proiektua euren ideiekin egin dugu; gainera, eskatu izan dutena ez dira gauza arraroak izan. Ez da zaila izaten ari adostasunera iristea. Euren artean badira, adibidez, arkitektura ikasleak edo dekorazioaz dakitenak, planoak ondo maneiatzen dituztenak", dio Valen Moñux udaleko aparejadoreak.
"Zailtasun handiena da prozesua luzatu egiten dela, eurek asanbladarekin kontsultatu behar dituztelako erabakiak, eta guk ere bai udalean gure artean", gehitzen du Moñuxek.
Antzuolako Gazte Asanbladak lantaldea du antolatuta gaztetxe berriaren gaia eramateko. Gustura daude proiektuak hartu duen itxurarekin: "Ahal den neurrian kontuan hartu dituzte gure proposamenak; adibidez, segurtasun arrazoiengatik aldatu behar izan ditugu asmo batzuk"; beharrezko aldaketak zirela onartu eta gazteen eta udalaren arteko elkarlan ona berresten dute Gazte Asanbladakoek.
Gaztetxe berriak izango du 146 metro koadroko azalera: zati handiena hartuko du erabilera publikorako guneak –60 metro koadro–, eta horrez gain izango ditu sarrera –biltokitarako armairu batekin–, elbarriendako egokitutako bi komun, sukaldea, barra –ia hamar metroko luzerakoa–, bulegoa eta agertokia –17 metro koadro–. Obra egin eta oinarrizko ekipamendua jarriko dute aurrena; agertokia, adibidez, soinu eta argi azpiegituretarako prest utziko dute, nahiz eta lan eta gastu horiek aurreragorako utziko dituzten.
Gazteen gustuko gaztetxea
"Azaleran ez dago alde handirik lehengo gaztetxetik berrira. Baina pozik gaude distribuzioarekin. Askatasun handiagoa izango dugu kokapenagatik", diote gazteek. Gaztetxearen kanpoaldeak ere aukera gehiago emango dizkie; lehen lokal batean zeuden, etxebizitzen azpian: "Bizilagunak zeuden, negozioak ere bai; nahiz eta beti konpondu izan garen ondo".
Aurreko astean paretak botata, gremioek jardungo dute lanean datozen asteetan. Baina gazteak ez dira konformatu gunearen diseinuan parte hartzearekin; obran ere zuzenean lan egiteko gogoa erakutsi dute: "Gure helburua gaztetxea auzolanean egitea zen; gu prest geunden obra egiteko herriko jendearen laguntza aurkitzeko", diote.
Udalak, baina, profesionalen esku utzi ditu hainbat egiteko halabeharrez; dena den, oinarrizko lanak amaituta gazteen ardura izango da obra osatzea, hormak margotzea, adibidez. "Egingo dugu deialdia auzolanerako", iragarri dute Gazte Asanbladakoek.