Gipuzkoako sei pilotari ari dira lehian: Edurne Unamuno, Andoni Aizpeolea, Urko Peña, Patxi Fadrique, Edorta de Anta eta Beñat Lizaso. Antolatzaileek gogorarazi dute parte-hartzea zabalik dagoela edonorentzat: "Pilotari ezinduak ez direnek ere jokatu ahal izango dute, beti ere ordezko postua hartuz eta gainontzekoek bete beharreko joko araudi berak betez". Izan ere, integrazioa bultzatu nahi du ekimenak.
25 tantora
Lehenengo hiru jardunaldietan hiru bikoteren arteko ligaxkak jokatuko dira. Partidu guztiak 25 tantora dira. Mollepelle urdina pilotarekin eta errefortzu gabeko paletarekin jokatzen da. Pilotariek airez, bote baten ondoren eta bigarren botearen ondoren jo dezakete pilota.
Lehendabiziko hiru jardunaldien sailkapena kontuan hartuz bikoteak berriro antolatu eta laugarren jardunaldian bikote horien arteko azken ligaxka egingo da.
Antzuolako jardunaldia bihar, zapatua, 11:00etan jokatuko da herriko pilotalekuan.
Mendizabalen lau t'erdiko partidua
Mendizabal III antzuolarrak Lemunoren aurka jokatuko du gaur, 22:15ean, herriko pilotalekuan. Promozioko lau t'erdiko txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren partidua jokatuko dute. Lehenengoa 22 eta 11 irabazi zion Mendizabalek Ongayri. Txapelketako partiduaren ostean binakako partidua jokatuko dute Gonzalez eta Zabaletak
Aritz Lasa eta Peñagarikanoren aurka.
Olaldeko pilotariei dagokienez, Manex Balerdik zapatuan 16:00etan jokatuko du buruz buru Azkoitia 4ren kontra.