Antzuolako eskolan 25 ordenagailu lapurtu dituzte

Txomin Madina Milikua 2011ko azaroaren 3a

Astelehenetik martitzenerako gauean ibili ziren lapurrak herrian. Eskolan ez ezik, Mujika harategian ere egin zuten lapurretan.

Antzuolako herri eskolako zuzendari Pantxike Arinek azaldu duenez, astelehenatik martitzenerako gauean sartu ziren lapurrak eskolan, palanka bat erabilita atzeko aldean dagoen sarrera bat indarrez ireki ostean. Eskola guztian zehar ibili ziren lapurrak, eta hainbat gauza ostu zituzten. Hala, lehen solairutik diru apur bat eta dokumentu batzuk eroan zituzten.

Kalterik handienak baina, seigarren mailako gelan egin zituzten, izan ere 25 ordenagailu eta proiektore bat eroan zituzten bertatik. Ikasleen sei motxila ere lapurtu zituzten, baita informatika gelan zegoen pantaila bat ere.

Salaketa jarria dute, baina ez omen dute berreskuratzeko itxaropen handirik. "Nik uste dut dirua lapurtzera etorri zirela, eta bide batez, ordenagailuak eraman zituztela saltzeko asmoarekin" azaldu digu Arinek. Gaineratu du herritar bat astelehenean bertan  ertzainekin harremanetan jarri zela herrian pertsona susmagarriak ari zirela abisatzeko, baina, eurek dakitela, ertzainek ez zutela neurririk hartu.

Gertatutakoak gertatua, ateetan eta alarmetan segurtasun neurriak areagotzeko asmoa dutela ere esan digu herri eskolako zuzendariak, lapurrei gauzak zailtzeko helburuarekin. Ez da eskolan lapurretan egiteko sartzen diren lehen aldia: 2008an ere lapurren bisita jaso zuten.

Mujika harategian ere bai

Herri eskolan ez ezik, Mujika harategian ere sartu ziren lapurrak. Bertako Peli Mujikak kontatutakoaren arabera, pertsiana apurtuta sartu ziren dendan, eta zuzenean kutxara joan ziren. Lapurtutako kopuru zehatza zein den ez dakien arren, 400-500 euro inguru eroan zituztela uste du Mujikak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak