Orokorrean %2,8ko igoera izango dute 2012rako ordenantza fiskalek

Usoa Agirre 2011ko azaroaren 3a

Atzo, eguaztena, egindako udalbatzarraren ohiko osoko bilkuran onartu zituzten 2012rako ordenantza fiskalak. Bilduko 6 zinegotzik aldeko botoa eman zuten, EAJko bi abstenitu egin ziren eta PSE-EEko zinegotzia ez zen bilkuran izan. Orokorrean %2,8ko igoera izango dute zerga eta tasa gehienek.

Igoera hori aplikatuko zaie ondorengoei: trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga; zabor bilketa eta errausketa zerbitzuaren tasa; hirigintza baimenak emateko zerbitzuaren tasa; hesiak, aldamioak jartzeko tasa; ibilgailuak espaloietan aparkatzeko tasa; eta lurzoru publikoa okupatzeko tasa. Badira igoera handiagoa izango dutenak ere: %4,5 igoko dira Ondasun higiezinen gaineko zerga eta Ekonomi jardueren gaineko zerga; %3 igoko dira, berriz, Hirilurren balioen gehikuntzaren gaineko zerga, Hilerriko zerbitzuaren tasa eta taxien lizentzia tasa.

Inma Beristain alkateak adierazi zuenez, "herritarrendako gogorra da oraingo egoeran zergak eta tasak igotzea, baina udalak zor handia du eta horri erantzuteko bide bakarra da zergekin dirua jasotzea". EAJ abstenitu egin zen bozketan,  "inprobisazioz tratatu" delako igoera. "Udalaren egoera ekonomikoa ez da ona eta igoerak beharrezkoak diren heinean egin behar izaten dira, baina kontuz eta argi izanda nola eragingo duten hurrengo urteko aurrekontuetan".

Armarriaren ideia lehiaketako irabazlea

Era berean, herriko armarri-sinboloaren ideia lehiaketako saria Andoni Larrañagari ematea onartu zuten bilkuran Bilduko aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Kultura batzordean erabakiko dute orain zein prozedura jarraitu armarria aldatzeko.

Mozioak

Lau mozio aurkeztea zegoen aurreikusita gai-zerrendan, baina hiru aurkeztu zituzten. Izan ere, PSE-EEko zinegotzi Carlos Urrestarazuk aurkeztutakoa zen bat (udalak hartutako konpromiso ekonomiko-finantzieroen inguruan Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioarekiko eta bere inbertsio plana geratzearen inguruan) eta bera bertan ez zegoenez mozioa mahai gainean laga zuten; hurrengo Urrestarazuk eskatzen duenean sartuko da berriz gai-zerrendan.

Gainerako mozioak izan ziren:

  • EAJ udal taldeak Deba Garaiko Ospitale Berriaren proiektuan murrizketak ematearen aurka aurkeztutakoa. Bilduko zinegotziak ados azaldu ziren mozioarekin eta aho-batez onartu zuten.
  • EAJ udal taldeak Beasain-Bergara autobiaren obrak gelditzearen aurkako muzioa aurkeztu zuen. Bildu abstenitu egin zen mozio honetan. Iñaki Yarza zinegotziak esan zuen autobia hori ez gelditzeko lanean jarraituko duela orain arte moduan udalak eta atzerapena baldin badauka diputazioak orain arte egin duen kudeaketa txarraren ondorioz izan dela.
  • Bilduko udal taldeak aurkeztutako mozioa izan zen azkena, Gipuzkoako Mankomunitateei eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioarei dei eginez hondakinen gaiari alternatibak proposatu eta bide berri bat eraikitzeko zabortegien eta errausketaren bidea gaindituz. EAJko bi zinegotziek aurka bozkatu zuten, esanez beraiek ere nahiko luketela zabortegirik eta errausgailurik ez egotea, baina zaborra sortzen dela eta horren irtebidea dela errausgailua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak