“Astero programa ateratzea da gure egitekoa, ez lehiaketetara aurkeztea, baina errekonozimenduak gustura hartzen dira beti eta pozik gaude. Hala ere, sarituak izan edo ez, ahalegina da gehien balio duena”, esan digu Beñar Kortabarriak, saria jasotako egunaren biharamunean.
Talde-lanaren balioa
Teknopolis saioaren eta erreportaje sarituaren zuzendaria da Antzuolakoa, baina eurena talde-lana dela azpimarratu du. Ildo horretan mintzatu zen atzo –egubakoitza– iluntzean saria jasotzeko oholtza gainera igo zenean: Kortabarria deitu zuten antolatzaileek eta lantaldea hark: “Nire egitekoa entrenatzaile batek duenaren gisakoa da. Gidatu, motibatu, geratu arazi... egiten ditut, baina eurek egiten dituzte jokaldiak eta golak sartu”. Horregatik, behin Planetarioko ekitaldia bukatuta, elkarrekin joan ziren afaltzera, emaitza ospatzera.
Hartzak, sarrioak, putreak eta zetazeoak
Urtean lau bat saio monografiko egiten ahalegintzen da Teknopolis-eko lantaldea eta baita gaiak askotarikoak izan daitezen ere. Ikertzaileek natura nola behatzen duten eta animalien segimendua nola egiten duten erakustea izan da oraingoan aukeratu dutenerako bat eta Zelatan izenburua ipini diote. Iazko udazkenetik aurtengo udara arte –bederatzi hilabeteko tartean– zerura, lurrera eta itsasora begira izan dira, hartz, sarrio, putre eta zetazeoen bitartez: Nagore Rementeriak Bermeoko portutik aterata zetazeoak behatzen dituen Ambar elkartekoen irteeretan esku hartu du; Oihana Jauregik Fernando Garitagoitia irakaslearekin Asturiasera joan eta hartzak ikusteko zortea izan du; Iñaki Leturia sarrioen kontaketaren lekuko izan da Huescako mendietan; eta Inma Alvarez Aralarren ibili da ordu luzez, putreei begira.
Lehen eta orain, gizakia animalia jarraitzen
Lan asko egin dute eta hori baloratu du epaimahaiak, beste alderdi batzuekin batera: ildo narratiboa, zati batzuk besteekin josteko modua eta mezua emateko era nabarmendu ditu. “Lehen eta orain gizakiek animalien jarraipena egiten dutela baina helburuak ezberdinak direla erakustea zen gure helburua: lehen ehizatzeko jarraitzen zituztelako; eta orain, euren habitata zaintzeko edota bilakaera ikusteko. Ondo kontatu dugula esan digute”, dio Kortabarriak.
Sariak jasotzera ohituta daude Teknopolis-en, zazpi edo zortzigarrena izan da hau; nazioarteko bigarrena. Telenatura jaialdiaren 11. edizioa izan da honakoa, eta 106 lan aurkeztu dituzte, orotara.
Zelatan ikusteko, klikatu hemen.