300 bat ume izango dira domekako dantzari egunean

Usoa Agirre 2011ko urriaren 7a

Bi urtean behin egiten da Antzuolan Haurren Dantzari Eguna eta aurtengoa domeka honetan egingo da, urriaren 9an. Guztira 300 bat gazte dantzari etorriko dira Antzuolara, eta horietako 50 bat antzuolarrak izango dira. Maialen Iparragirre irakasleak kontatu digunez, 7 eta 15 urte bitarteko mutilen bi talde eta nesken beste bi aritzen dira dantzan.

Antzuolako dantzariez gain, Oñatiko Oñatz taldekoek, Arrasateko Lore Gazteak eta Txikitxu taldeetakoek, Soraluzeko Urrats taldekoek eta Legazpiko Korosti dantza taldekoek parte hartuko dute domekako dantzari egunean.

Bi dantza-saio plazan

Domekan, goizeko 10:30ean etorriko dira dantzari guztiak eta goizean kalez kale dantzak egingo dituzte lehenengo. Ondoren, 12:30ean, talde guztiak herriko plazan elkartuko dira eta guztiek batera egingo dituzte dantzak.

Neskek esku dantza, arku dantza eta makil dantza egingo dituzte; mutilek banakoa, brokel dantza eta txankarrankoa; eta, bukatzeko, neska-mutilek batera gorulari, fandangoa eta arin-arin dantzatuko dituzte. 13:30ean etxeetara bazkaltzera joateko banatuko dituzte haurrak. Etxeetan ez ezik, gaztetxean ere bazkalduko dute ume batzuek. Izan ere, 25 bat dantzarirendako lekua izango dute han.

Arratsaldeko saioa 17:30ean hasiko da. Talde bakoitzak dantza berezi bana egingo du plazan. Antzuolakoek, adibidez, trokeo dantza bat eta eusko dantza egingo dituzte. Arratsaldeko saioa bukatzeko guztiek batera egingo dituzte makil-txiki, txantxoak, zazpi jauzi eta txapeloaz dantzak.

Oinarin dantza taldeko neska gazteak entseatzen harrapatu genituen joan den astelehenean Torresoroan. Irakasleen arabera entseguetan ez dira oso serio aritzen baina gero plazan ondo ateratzen zaizkie dantzak. Ea, bada, nola irteten zaien domekako dantza-saioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak