Jose Antonio Igartza eta Jesus Torres: "Merkatuaren eraso guztiak gainditu ditugu, eta egun, hor jarraitzen dugu"

Mirian Biteri 2011ko irailaren 15a

Antzuolako Matz-Erreka enpresaren 50. urteurrenaren harira, Matz-Erreka, Pertsonei begira dagoen enpresa izeneko liburua egin dute. Horren historia eta ibilbidea jaso dute argitalpen horretan, hastapenetatik gaur egunera arte, eta argazki ugariz hornituta dago. Enpresan 40 urtetik gora daramatzaten Jose Antonio Igartza eta Jesus Torresekin izan gara, liburu horren nondik norakoak ezagutzeko.

Liburua ez du pertsona bakar batek egin. Zeintzuek egin duzue?
Jose Antonio Igartza: Gurekin batera, Pello Errasti, Marisa Aristi eta Basilio Ormazabal ibili dira liburua egiten. Dena dela, laguntza izan dugu. Enpresako sekzio bakoitzeko historia egiterakoan, zerbait esateko dutenekin izan gara; lau sekzio ditugu Matz-Errekan.
Jesus Torres: Fundatzaileen (Inaxio Aristi, Luzio Agirrezabal, Asensio Azkarate, Julian Alberdi eta Iñazio Maria Basterra) laguntza ere izan dugu; horietako bi bizirik daude oraindik. 

Nolatan sortu zen liburua idazteko ideia?
J.A.I.: Beste hainbat kooperatibak zer egin duten ikusita, guk ere pentsatu genuen jende askok ez duela ezagutzen Matz-Errekako historia. 50. urteurrenaren harira, bazkari edo irteera bat antolatzeaz gain, liburua idaztea ere bururatu zitzaigun. Bazkide eta enpresa inguruan dabiltzan guztiei zuzenduta dago, eta, haiengana heltzeko asmoz, gazteleraz eta euskaraz idaztea erabaki dugu.

Zer kontatzen da liburuan?
J.T.: Matz-Errekako historia eta ibilbidea jaso dugu; Bergarako hastapenetatik gaur egunera arte. Sekzio bakoitzean izandako bilakaera ere azaltzen da. Finkapen elementuekin hasi ginen, eta gerora, plastikoak, automatismoak eta ate automatikoak sortzen joan ziren.

Urte asko dira. Bizipen haiek gogoraraztea kosta egin zaizue?
J.T.: Liburu sinplea egiten saiatu gara, irakurtzeko erraza dena. Lau hilabeteko lana izan da; egubakoitzero batu gara. Ziurrenik, zerbait ahaztu egingo zitzaigun, baina tira... Guztion artean egindako lana izan da, eta horrek asko erraztu du lana. Horregatik, liburuak ez du egilerik, fundatzaileen lana bakarrik jarri dugu.
J.A.I.: Halaxe da. Izenburuak dioen moduan, liburuaren kontzeptua da enpresak egiten dituela pertsonak, eta, hortaz, pertsona bakoitzaren merituak ez ditugu jarri. Denon helburua izan da Matz-Errekak 50 urte betetzea. Bestalde, argitalpena argazki ugariz hornituta dago. Irudi asko ez genituen, eta horiek lortzea kosta egin zaigu. Historia modu grafikoan islatzen saiatu gara, kronologikoki.

Anekdotarik badago?
J.T.: Oso gutxi daude. Ahalegindu gara anekdota pertsonalik ez sartzen, Matz-Erreka lagun askok osatzen dugulako eta anekdota asko kanpoan geratuko liratekeelako. Hori ekiditen saiatu gara, lan informatiboa eginda.

40 urtetik gora daramatzazue Matz-Errekan. Asko aldatu da enpresa ordutik hona...
J.T.: Bai, asko. Kontuan izan behar dugu lau bazkide hasi zirela eta egun 300 langile inguru dituela. Instalazioen modernizazioaz gain, lan egiteko modua eta langileen pentsaera ere asko aldatu da.
Matz-Erreka inoiz ez da bereiztu puntakoa izateagatik, eta azken urteotan ondo doa negozioa. Egindako lanagatik eta langileen kolaborazioagatik izan da posible hori. 

Gizartea ere aldatu da...
J.A.I.: Hala da. Sasoi hartan, diktadura baten ondorioak zirela-eta edo, lan egiteko beste modu bat zegoen. Lehen, zailtasunei denon gogoarekin eta esfortzuarekin aurre egin behar geniela garbi genuen, baita onurei ere. Barneratuta genuen enpresa aurrera atera beharra zegoela. Zailtasun handiak pasa ditugu, gutxi edo ezer kobratzen ez genuen hilabeteekin.
Garai hobeak heldu dira. Dena dela, gaur egun, elkartasun mentalitate hori aldatzen doa, gutxienekoa geratzen bada ere. Egun, ez da horrenbeste partekatzen; helburuak jartzen dira, baina bazkide guztien artean ez dira partekatzen askotan.

Kooperatibismo kontzeptuaren krisia igarri duzue zuek ere orduan...
J.T.: Hala da. Ez da berdina 40 edo 300 langileren mentalitatea. Ezin dituzu menderatu; guztiek berdin pentsa dezatela ezinezkoa da.
J.A.I.: Dena dela, diferentzia bat daukagu, eta hori inportantea da: Matz-Erreka nagozioka banatuta dago, nork bere organizazioa du. Baina, artean ere, helburu orokorrei begira zailtasunak daude. Zuzendaritzatik gogor dihardute horretan, eta etorkizunari begirako lan bat da kooperatibismoaren kontzeptua berreskuratzea.

Horren harira, zelan ikusten duzue etorkizuna?
J.T.: Merkatua ez dago oso ondo, baina Matz-Errekak garai okerragoak bizi izan ditu. Esan bezala, egonkortasunean ez gara inoiz puntakoak izan, baina merkatuaren eraso guztiak gainditu ditugu, eta egun, hor jarraitzen dugu. Matz-Erreka baino handiagoak eta ospetsuagoak izan diren enpresak desagertu egin dira.
J.A.I.: Gauza bat daukagu ona: hain justu, negozio bakoitzak duen plan estrategikoa, eta proiektu garrantzitsuak; eta ikertzen ere lanean gabiltza, merkatuan jarraitu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak