Urtebeteko epean Euskaltelek zuntz optikoa eskainiko du Antzuolan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 12a

Udalak eta Euskaltelek lankidetza hitzarmena adostu dute herrian telekomunikazio azpiegiturak sustatzeko. Hain zuzen, joan zen martitzenean egindako osoko bilkuran onartu zuen hitzarmena udalbatzak. Horrek esan gura du lanak egiten direnean Euskalteleko kable bidezko telebista digitala ikusteko eta belaunaldiko banda zabaleko zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dutela hala gura duten herritarrek. Euskalteleko komunikazio arduradunek azaldu dute urtebeteko epea izango dutela lanok egiteko: "Urtebeteren buruan zerbitzua emango diegu lehenengo etxebizitzei, beharrezkoak diren baimenekin".

Lanak aurten bertan

Lanek herritarrengan ze eragin izango duten galdetuta, telekomunikazio enpresak azaldu du trafikoan "ahalik eta eragin txikiena" egiten saiatuko direla. Euskaltelek konpromisoa hartu du herrian komunikazio zerbitzua garatzeko eta zerbitzuak zabaltzeko eginkizunak eta horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak ezartzeko.
Telekomunikazio sarea Antzuolako hirigunean hedatuko da; bi aldeen artean negoziatuta, etorkizunean eremu hori hedatu egin ahal izango da.

Azpiegiturak, bi gunetan 

Bestalde, Udalak konpromisoa hartu du Euskalteli baimena emateko Udalaren lurretan beharrezkoak diren azpiegiturak eraikitzeko. Zehazki, ondorengo bi espazioak erabiltzeko baimena eman dio telekomunikazio enpresari: Sagasti auzoan, udal frontoiaren aldamenean eta Antigua auzoan, 11. zenbakiaren aldamenean. Hitzarmenean adostu dute espazio horiek ez dutela 6 metro koadro baino gehiago hartuko.

Zerbitzua eskaintzeko egin behar diren lanen aurrekontua 700.000 eurokoa izango da. Aurrekontu horrek sarrera sarbidea eta zerbitzuen hornidura estaliko du.

Eskainiko duten zerbitzua 

"Aurrerantzean herritarrek aukera izango dute ondorengo telekomunikazio zerbitzuak erabiltzeko: telefonia finkoa, interneteko banda zabala –75 megako abiadura– telebista digitala, eta baita bereizmen handiko telebista ere, 100 kanalekin", azaldu dute Euskalteleko komunikazio arduradunek. Hala, zerbitzu horiek guztiak operadore bakarrean izateko aukera nabarmendu du Euskaltelek.

Urbanizazio berriak

Akordioan ere aurreikusten da aurrerantzean udalerrian urbanizazio berriak egiten direnean, etxebizitza horien sustatzaileei adieraziko zaiela Euskaltelekin harremanetan jarri behar dutela urbanizatu beharreko eremuetan telekomunikazio-azpiegiturak sartzeko.
Akordioaren arabera Euskaltelek bere gain hartuko ditu azpiegituren mantentze lanen jarduerak eta kostuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak