Eraikin berrian, besteak beste: bi komun, medikuen aldagela, biltegia, itxaron gela eta hiru kontsulta egongo dira (erizainarena, medikuarena eta erabilera anitzekoa).
Gela bat gehiago
Koro Iturbe erizainak adierazi digu abantaila nagusia izango dela kontsulta pasatzeko gela bat gehiago izango dutela. Oraingo egoitzan bi dituzte eta berrian hiru izango dituzte.
Iturbek zehaztu digu pediatrak nabarituko duela batez ere aldaketa hori. Izan ere, orain kontsulta propioa izango du. Orain arte pediatra Antzuolara etortzean, medikuak Bergarara joan behar izaten zuen, bientzako gelarik ez zegoelako. Orain ordea, pediatrak bere kontsulta izango du eta baita medikuak ere. Beraz, aldi berean egon ahal izango dute anbulatorioan.
Eskailerarik ez
Beste abantaila bat da eskailerarik ez duela egoitza berriak. Iturbek esan digu horrek jendearen sarrera erraztuko duela batetik; eta, bestetik, eurek arazo gutxiago izango dituztela gaixoak esku-ohean anbulantziara eramateko orduan. Izan ere, anbulatorio zaharrean duten igogailuan ez dira esku-oheak sartzen, eta, ondorioz, aulkietan jaitsi behar izaten dituzte gaixoak anbulantziara. Orain ez dute horrelako arazorik izango, anbulatorioa behe solairuan kokatzen da-eta.
Horiek izango dira aldaketa nagusiak, gainontzean, orain arteko zerbitzu berberak ematen jarraituko dute.