Pintxoetan bertan moztutako paleta urdaiazpikoa eskainiko da, besteak beste. Garikoitz Lete antzuolarra ibiliko da lan horretan arropa eta tresneri guztiekin. Anelkarrekoek espero dute ikuskizun polita izango dela.
Horrez gain panel bat ipiniko dute plazan bertan, laburpen txiki bat egiten Kongoko Kansenia eta Kapirin egindako lanekin eta asmo berriekin.
Antzezlana
Afaldu ostean Virginia Imazen Divinas ikuskizuna egongo da Torresoroan, 22:30ean. Sarrera 8 euro kostako da eta aurrez erosi ahal izango dira Itzar liburu dendan. Antzezlana ikustera joaten diren guztien artean zozketatuko dute bidezko merkataritzako produktuez osatutako saski bat.
Batzen den dirua, Kongorako
Gaur bertan Kongora abiatuko da Bittor Arbulu antzuolarra, han martxan duten proiektu batean parte hartzeko: errekako presa batetik herrira ura bideratzea da proiektuaren xedea. Egubakoitzeko afarian eta antzerkian batzen den dirua Kongoko proiektu horretara bideratuko da.
Iaz Kongoko Kapiri herriraino ura kanalizatzeko lanetan aritu ziren. Aurten herri horretan iturriak jartzea izango da asmoa eta, horrez gain, ondoko herri batera ura eramatea. Hemen dituzue iazko lanetako argazki batzuk:


