Antzuolako udal gimnasioa irailean zabalduko dute berriro

Edu Mendibil 2011ko abuztuaren 3a

Antzuolako udal gimnasioa itxita izango da abuztuan. Hala ere, ikasturte berrirako ikastaroak eta egutegia antolatuta dago. Prezioetan izango diren aldaketei esker, hemendik aurrera deskontuak izateko aukera izango da.

Gimnasioan hainbat ikastaro egiteko aukera izango dute erabiltzaileek, baita fitness gela erabiltzeko aukera ere. Ikastaroen artean pilates metodoa da arrakastatsueneko bat. "Mugimenduen kalitate gorena esfortzu txikienarekin", gimnasioko arduradunen hitzetan. Borondatepean egindako mugimendu naturalen bidez, arimaren, buruaren eta gorputzaren garapen koordinatua lortzeko zientzia eta artea da pilates metodoa haien arabera. Sasoian egoteko, lesioak saihesteko edoeta sendatzeko eta entrenatzeko laguntzen duen ariketa fisiko sistema litzateke, modu lasai, ezberdin eta atseginean egiten dena gainera.

Mantentze gimnasia eta 3. adinekoena

Bestetik, mantentze gimnasia ere eskainiko dute Antzuolan. Gorputza ahalik eta modu osoenean lantzen duen gimnasia da, horretarako ariketa ugariak, kirol eta jolas jarduerak, zirkuituak edota dantzak erabiltzen dituena. Erabil daitekeen materiala ugaria da: makilak, pesak, baloiak, gomak, stepak...

Azken ikasturteetako dinamikan musikak eta step-ak pisu berezia hartu dutela diote arduradunek.

Azkenik, nagusiei zuzendutako gimnasia ere emango dute. Edadetuen ezaugarriei egokitutako mantentze gimnasia da, gero eta erabiltzaile gehiago dituena.

Esan bezala, irailaren 1ean zabalduko dute Eguzki auzoan dagoen udal gimnasioa. Bertan jaso ditzakezue argibide gehiago abuztuko oporren bueltan, edo 943 76 66 61 telefonora deituta bestela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak