Elkartasun Jaia egingo du Anelkarrek irailean

Usoa Agirre 2011ko abuztuaren 2a

Irailaren 2an, egubakoitza, egingo da Elkartasun Jaia Anelkarrek antolatuta. 20:45etik aurrera pintxoak eskainiko dituzte eskolako patio estalian. Mahaiak egongo dira bertan afaldu ahal izateko. Sei euroren truke bertaratutakoek jan ahal izango dute ondorengo pintxo-menua: bi pintxo (tortilla eta txorizoa), ardoa edo sagardoa, kafea eta pastak. Menutik kanpora pintxo gehiago nahi dituenak bi euroren truke lortu ahal izango ditu.

Afaldu ostean Virginia Imazen Divinas ikuskizuna egongo da Torresoroan, 22:30ean. Sarrera 8 euro kostako da eta aurrez erosi ahal izango dira Itzar liburu dendan. Antzezlana ikustera joaten diren guztien artean zozketatuko dute bidezko merkataritzako produktuez osatutako saski bat.

Virginia Imazek aspaldi esana zien Anelkarreko kideei prest legokeela antzezlan bat egiteko antolatzen zuten jaialdiren baten. Hala, Anelkarrekoek Imazek esana aintzat hartu eta opor osterako antolatu dute jaialdia, Jabi Etxanizen esanetan, "oporren ostean indarrak hartzeko" .

Batzen den dirua, Kongorako

Irailaren 2an bertan Kongora abiatuko da Bittor Arbulu antzuolarra, han martxan duten proiektu batean parte hartzeko: errekako presa batetik herrira ura bideratzea da proiektuaren xedea. Irailaren 2ko afarian eta antzerkian batzen den dirua Kongoko proiektu horretara bideratuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak