Urriaren hasieran bukatuko dituzte eskolan igogailua jartzeko lanak

Usoa Agirre 2011ko uztailaren 26a

Herriko eskolak duen irisgarritasun arazo handiena konpontzeko bidean da dagoeneko. Izan ere, hasita daude eskolan igogailua jartzeko lanetan. 2011 urterako udal aurrekontuetan jasotzen den inbertsiorik handiena da eskolako igogailuarena: 84.412 euro bideratuko ditu udalak eskolan igogailua jartzeko.

Uztailaren 6an hasi zituzten lanak eta guztia ondo joanez gero, iraila bukaeran amaituko dute obra zibila. Behin lan horiek bukatuta igogailua muntatu beharko da; hori urrian egingo dute. Valen Moñux udaleko aparejadorearen esanetan, "lanak martxa onean doaz eta urrian bukatuta izango dute guztia". Datorren 2011-2012 ikasturtea, beraz, igogailurik gabe hasiko dute eskolako umeek, baina ikasturtea hasi eta berehala izango da martxan.

Eskailera estutu

Eskolako sarreran dagoen eskailera nagusian ari dira igogailua jartzeko lanak egiten. Eskaileraren zulotik gora jarriko dute igogailua eta horretarako eskailera estutu egingo dute. Obra zibila Bergarako Construcciones Pera enpresa ari da egiten; igogailua, berriz, Donostiako Muguerza Igogailuak enpresak jarriko du.

Komun berriak

Igogailuko lanez gain, beste lan batzuk egiten ere ari dira eskolan. Eskolako lehenengo pisuan, bi urteko gelen inguruan, komunak egiten ari dira. Lan hauek Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu eta bere esku dago gastu eta kudeaketa guztia.

Komunak egitearekin batera eskolako fatxadan edo aurrealdean aldaketak ere egingo dituzte. Izan ere, leihoa irekiko dute lehenengo pisuko komun berrietan eta goiko pisuan ere, fatxadaren itxura bat etortzeko, leiho bat aterako dute, eskolaren itxura pixka bat aldatuz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak