Noiztik duzu margotzeko zaletasuna?
Betidanik izan dut artearekiko eta pinturarekiko zaletasuna. Beti margotu izan dut eta gustatu izan zait; esan dezaket gustatzen zaidan gauza bakarrenetarikoa dela margotzea, eta baita musika ere. Nire alde sentikorra beste aldea baino garatuagoa daukat!
Hainbat arlo lantzen dira unibertsitatean. Zein duzu gustukoen?
Pinturan ibiltzen naiz gusturen, baina eskolan denetik egiten dugu. Lehenengo urtean denetik egiten dugu eta gero, gustukoen ditugunak egiten ditugu: orain, plastika, pintura, horrelakoak egiten ditut.
Zer egiten duzu?
Hainbat fase izan ditut. Errealismoa, adibidez, egiten dut; baina ez kopia hutsa, horretarako argazkia dago-eta. Pintura azkarra egiten dut, baina baita errealismoa ere. Errealismoa egiteko kontzentrazio handia behar da, fintasuna… Hala ere, esan behar da pintura azkarrak kalitate bera izan dezakeela.
Pintura azkarra, errealismoa eta abstraktua uztartuko dituen zerbait bilatu gura dut, guztia nahas dezala, baina modu koherentean.
Zaila da norberaren estiloa aurkitzea?
Bai, estiloa aurkitzea zaila da. Horretarako, asko ibili behar da.
Eta jendeak ulertu egiten du zure artea?
Ba ez, batzuetan ez. Nik normalean heriotza eta denboraren iragana erakusten ditut eta jendeari, normalean, ez zaio batere gustatzen gai hori. Beste batzuei, ostera, asko gustatzen zaie.
Kultura arloan heziketa falta da?
Espainia mailan ez dago kultura heziketarik. Europan, ostera, bai, badago kultura arloko beste heziketa bat eta, gainera, baloratu egiten dute eta uste dute kultura baliagarria dela gizartearendako.
Margolanak egiterakoan ze teknika erabiltzen dituzu?
Denetarik: akrilikoa, arkatza… Orain, esaterako, olioarekin esperimentatzen nabil.
Kolorea ere sartzen duzu.
Bai; orain arte grisean margotu izan dut, baina orain bizitzako une alai batean nago eta kolorearekin hasi naiz. Kolore bereziak nahasten ditut.
Diozu zure lana heriotzaren inguruan egin izan duzula. Zergatik?
Jende nagusia asko margotu izan dut, batez ere azkeneko bi urteetan. Uste dut asko dutela esateko, eta oso aberatsak direla. Bestalde, sozialki abandonaturik daude. Ez da aktibitate sozialik egiten eurendako. Gazteak ere ez dira nagusiekin elkartzen, ez dago tokirik elkartzeko. Plazan jesarrita egoten dira, bizitza zelan pasatzen den begira.
Nagusien begiradak asko esaten du: tristura, melankolia… asko bizi izan dute. Niri, esaterako, heriotzak txunditu egiten nau, inork ez daki zer den heriotza.
Aranjuezen bizi naiz eta han nagusi asko daude. Plazan jesarrita egoten dira eta argazkiak ateratzen dizkiet, gero margotzeko.
Baduzu erreferentziarik?
Golucho asko gustatzen zait. Jende nagusia eta, batez ere, bere ama margotzen duen margolaria da. Eta Klimt ere gustatzen zait.