Jaizki Bakaikoa antzuolarrak badaki zortea bilatu egin behar dela eta horretarako gogor egin behar dela lan. Hala, bere 15 loock book-ak esku artean, Parisko moda etxe garrantzitsuenetako ateak jo berri ditu.
"Hermes moda etxean nire lana aurkeztu nuen. Gustatu egin zitzaien eta talentu berrien bila dabilen agentzia batekin hitzordua lotzea lortu nuen", kontatu digu Bakaikoak, ilusioz. Agentzia horiek elkarrizketak egiten espezialistak dira eta euren lana talentu berriei ihes egiten ez uztea da. Hermes etxearendako lan egiten duen Agnes Barretek egin zidan elkarrizketa. Oso inpresio onarekin atera nintzen elkarrizketa hartatik. Nire lana gustatu egin zitzaion eta jarraipena egin nahi didatela esan zidan; euren filosofiarekin bat egiten zutela nire diseinuek". Benetako lana eta apustua, baina, orain dator Jaizki Bakaikoarendako. "Irailean, soineko bakoitzaren prozesua osorik erakutsi behar diet. Patroiak atera behar ditut eta nola josi dudan azaldu; fitxa teknikoa erakutsi behar diet nik egin dudala demostratzeko eta inspirazioa nondik datorkidan erakusteko". Horretarako, bilduma txiki bat dauka buruan eta prozesu guztia bideoan erakutsi nahi die Hermeskoei.
Oso jende gutxik du horrelako aukera eta Bakaikoak ondo aprobetxatuko du. "Horrelako agentzia batek ez ditu aukerak horren erraz ematen. Nik aurkeztutako liburua teknikoki oso indartsua dela esan didate eta arropa eginda erakustea pauso handia dela". Egiten duena oso pertsonala da, eta berezia. "Barrutik irteten zait egiten dudana, zaila da azaltzea. Arropa erosoa da, eta pertsonalitateduna. Nik defendatu eta sinisten dudana da. Autodidakta naiz eta irailean nire teknikarekin gauza naizela edozer egiteko erakutsi nahi diet". Oraingoz, emakumeendako arropa egiten du, baina aurrerago bi sexuendako zerbait bateragarria egitea ere ez du baztertzen. Bakaikoak Parisen beste modu batean ulertzen dutela moda kontatu digu. "Industria handi bat da eta bizi izateko era dute. Moda munduko oso jende garrantzitsua dago. Haiek zure ibilbidea arrakastara bideratu edo ondoratzeko boterea dute, argi ibili behar duzu". "Niri oso harrera ona egin didate; talentu berriak jarraitu nahi dituzte eta haien lanaren eboluzioa ikusi. Hermes etxearen inspirazioa ikusi dute nigan eta aukera bat eman didate".
Lehiaketa bakarrean parte hartu duela eta esperientzia nahiko kaxkarra izan duela ere azaldu digu: "Ni tendentzietatik kanpo nago eta lehiaketetan tendentziak jarraitzen dituzte. Niri gauza minimalistak gustatzen zaizkit eta jende askok ez du ulertzen. Gainera, lehiaketetan ibiltzeak badauka bere arriskua, zeren moda etxe askok ez baitute nahi izaten bertan dabiltzan diseinugileekin lan egin".
Ile-apaintzailea, Bergaran
Eskarmentudun ile-apaintzailea ere bada Bakaikoa. Cibeles, Londres eta Parisen izan da eta ospetsu eta modelo ezagun asko orraztu ditu: Martina Klein, Nieves Alvarez eta Madelein nazioarteko modeloa, besteak beste. Hala ere, Bergaran bezeroekin izandako esperientzia dela onena kontatu digu: "Konplexu eta konpetentzia handia dago ile-apaintzaileen artean; gusturen eta esperientzia onena nire bezeroekin dudana da". Exoterismoaren eta psikologiaren mundua asko gustatzen zaiola esan digu. Tarota egiten du eta zalea da. "Nire burua ordenatzeko daukadan teknika. Hermesera joan aurretik meditazioa egin nuen lasai egoteko. Bibrazio onak jaso ditut, eta ateak zabalik ditudala. Orain, gogor egin behar dut lan; ez da zori kontua, lan egin behar da".