Garaipenarekin hasi du Mendizabal III.ak profesionaletako ibilbidea

Mirari Altube Arrese 2011ko uztailaren 17a

Garaipen ederrarekin sartu da profesionaletan antzuolarra: Mendizabal-Cecilio 22 Apezetxea-Arruti 14. Antzuolatik joandako ehunen bat lagunek kabitu ezinik jarraitu dute partidua, Zarauzko pilotalekuko harmailetan.

Arizbataldeko jaialdi barruko lehen partidua jokatu du Ceciliorekin bikote, Apezetxea eta Arrutiren aurka. Urduritasuna albora utzi eta hasieratik jarri dira aurretik (8-0). Poliki-poliki, baina, Apezetxea eta Arruti ere partiduan sartzen joan dira eta tantoak egiten hasi. Mendizabal eta Cecilioren akatsak ere etorri dira gero, berdindu arte (14-14).

Berdinketa horrekin, baina, suspertu egin dira Mendizabal eta Cecilio eta handik aurrera ez dute aurkaririk izan kantxan. Bata bestearen atzetik egin dituzte tantoak 22ra iritsi arte; tanto ederrekin gozatzeko aukera izan dute, gainera, Zarautzen elkartutako pilota zaleek.

Lanean jarraituta erakutsi

Pozik eta gustura egin digu harrera antzuolarrak partidu bukaeran, "ondo hastea garrantzitsua da eta". Hala ere argi dauka lehenengo partiduarekin bakarrik ezin dela ezer erakutsi eta lanean jarraitu behar dela: "Ea hemendik aurrera ere gaurko antzera doazen kontuak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak