Emozioz eta omenaldiz betetako alardea

Arritxu Barruso 2011ko uzt. 18a, 10:10

Antzuolako Alardea Biziberritzeko Taldea osatu zuten duela hiru urte eta badirudi ari dela bai, biziberritzen eta indarra hartzen alardea. Antzuolako Herriko Plaza eta inguruak jendez gainezka zeudela hasi zen atzo 902. urtean Valdejunqueran gertatutako bataila irudikatzen duen antzezpena.

Aurtengoa, gainera, emozioz betetakoa izan zen: Alejandro Muxika eta Iñaki Arbulu zena omendu zituzten, biak ere urte askotan alardean parte hartu izandakoak, bata artillero moduan eta bestea Antzuolako bandera eramaten.

Bi omenaldi, alardean

Urtero moduan kanoien hots burrunbatsua iritsi zen Antzuolako alardearen amaiera aldera. Bi kanoi-hots entzuten dira beti, baina, aurten hiru entzun ziren. Arazo teknikoak medio, antzezpenean ezin izan zituzten aurreikusi moduan bi kanoiak piztu, bakarrarekin konformatu behar izan ziren.  Eskerrak Alejandro Muxika artillero profesionalari omenaldia egin zioten, eta hark bai, arazo barik sutu zituen bi kanoiak.

Muxika ez zen izan atzoko alardea omendutako bakarra. Antzezpenaren amaieran pasa den urtean hil zen Iñaki Arbulu ere omendu zuten, urtetan alardean Antzuolako bandera eraman duena. Arbulu zenaren Elayko lankideek egindako oroigarria eman zioten haren arrebari. Momentu benetan hunkigarria izan zen hura, txalo zaparrada izugarria eragin zuena.

19:00ak puntu-puntuan hasi zen alardea eta 70 minutu inguru iraun zituen. Inoiz baino jende gehiagok hartu zuen parte: 175 lagun. Lan handia eta entsegu asko eskatzen dituen ikuskizuna den arren, ondo baino hobeto joan zen dena.

Gauean parranda

Mairuaren alardearen ostean festa eta parranda iritsi zen Antzuolara. Herri afaria egin zuten lehenengo eta ondoren Joselu Anaiak izan ziren zapatu gaua girotu eta alaitzeko ardura izan zutenak. Domekako ordu txikietara arte luzatu zen gaua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak