Sarreretan jarritako baranda horiek agerian uzten dute Elizbarrutiaren debekua. Uzarragako Andoni Azkaratek azaldu digu barandak behin-behinekoak direla, eta asmoa dela eraikinak hormatzea, inor sar ez dadin. Horrekin batera, jakinarazi digu dagoeneko hasi direla eliza barruan dauden gauzak ateratzen. Gehiena herriko elizara eroateko asmoa dute. Balioa duten sagrarioa, abadeen lehengo eta oraingo arropak eta marfilezko Kristoa, esaterako, Errukizko Amaren elizara jaitsi dira. Azken hori XVII. mendekoa da, eta Mexikotik ekarria da.
Gehiena kalera eroango bada ere, inguruko auzoetako elizateetara ere iritsiko da zerbait; hain justu ere, San Martzial eta Santa Agedara. Azken horrek, esaterako, Uzarragako egurrezko bankuak hartuko ditu laster.
Erretaula
Bankuez gain, erretaulak ere Uzarragan dihardu oraindik. Azkaratek horren balioa nabarmendu du. Honakoa esan digu: "XVII. mendekoa da, Antxietaren eskolakoa. Kaleko elizara eroateko proiektua dago, alboko aldarean jartzeko". Horretaz gainera, San Sebastianen eta Errosarioko Ama Birjinaren irudien balioa ere aztertuko dute elizbarrutiko teknikariek eta jarraian, Uzarragatik aterako dituzte.
Hilerrirako bide berria
Dena dela, lanak ez dira eraikinak husterakoan amaituko. Hilerria eraikin multzoaren barruan dago, eta hori bisitatu gura duenak barrutik sartu behar du egun. Azkaratek azaldu du kanpotik, plazatxotik, bide berria egin beharko dela. Honakoa aipatu du: "Kanposantua han geratuko da, eta bidetxo hori egiteari lehentasuna emango diogu, han daudenak bisitatu ahal izateko".
Uzarragak garrantzi handia izan zuen garai baten, eta, esaten denez, bertako hilerrian lurperatzen zituzten Debagoieneko ospetsuak. Liburu batzuetan agertzen denez, Bergarako Ozaeta jauregiko jaunak Uzarragako hilerrian lurperatzea eskatu zuen 1484an.
Antzuolarrek penaz hartu dute itxiera. Horren harrira, honakoa esan du Azkaratek: "Pena handia hartu dugu, baina zer egingo diogu... Ingurune horretako lurretan mugimendu handia dago, eta eraikinak mugitzen dira". Urte hasieran Uzarragako auzotarrei elizbarrutiko arkitektoak egindako txostentxo bat iritsi zitzaien. Eraikuntza multzoaren egoera "negargarria" dela aipatu zuen horretan, eta eraikinek dituzten arazo larrienak zehaztu: "Hego-ekialdeko aterpeko hiru zutabeek bertikaltasuna galdu dute; apaizetxea guztiz hondatuta dago; kanpandorrea ekitalderantz okertuta dago; eliza barruan pitzadurak daude; hilerrira ematen duten leihoak eta apaizetxekoak erronboideak dira.
Ezbehar larria gertatu aurretik, ixtea erabaki du Elizbarrutiak.