Antzuolako jaietan, datorren domekan, nor geratuko da herrian?
[Barre] Ez dakit, herrian dagoeneko hasi naiz entzuten jendea Zarautzera joateko asmotan dabilela, eta horrek asko pozten nau, geroago eta giro hobea egon, niretako hobeto. Nik, berriz, herritik alde egin beharko du jaietan, edo formal-formal ibili, hemendik aurrera gehiago zaindu beharko gara-eta.
Profesional izanda, zertan aldatuko da hemendik aurrera zure bizitza?
Bada, kirolari profesional moduan bizi beharko dudala, halaxe entrenatu beharko naizela... Orain arte aste barruan nire kasa entrenatu izan dut, Elgetan. Astean behin entrenatu nahi banuen, bada, behin, eta hirutan joaten banintzen, bada, hirutan. Horrekin batera, astean bizpahiru partidu izaten nituen, eta hori goitik behera aldatuko da orain.
Zure kasa ibiltzearena.
Bai, taldean zelan entrenatu esango digutelako, zenbatero... Entrenamendu espezifikoak izango dira, gainera; esango digute momentu bakoitzean zer egin behar dugun. Eta, entrenatzerako orduan ere Aspeko pilotariekin batera egingo ditut lan-saioak, eta ez ditut horrenbeste partidu jokatuko.
Akatsak zuzentzen lagunduko dizute Aspe enpresan.
Edozeren gainetik, ikastera noa Aspera, eta han badaude kantxan izan ditzakedan akatsak zuzentzen lagunduko nautenak. Gimnasioko lana zelan egin, zelan elikatu... gauza asko dut ikasteko.
22 urterekin, zure pilota-mailaren gorenera iritsi zarela uste duzu?
Uste dut ezetz, oraindik badaukadala zer hobetu. Esandako moduan, orain arte nire kasa ibili naiz entrenatzen, jokatzen... eta pilotaz dakitenen laguntzarekin, eta entrenamendu saioak profesionalekin eginda oraindik hobekuntza handiak egin ditzakedala uste dut.
Nire mailaren gorenera iritsi naizela uste dutenen iritzia errespetatzen dut, baina nik uste dut nire jokoak oraindik hobera egin dezakeela.
Kirol zuzendari Jokin Etxanizek dio profesionaletan erabiltzen duten materialak on egingo dizula.
Baliteke baietz. Profesionaletan pilota gogorragoak erabiltzen dituzte, behetik gehiago dabiltzanak, eta nire ezaugarrien arabera baliteke horrek mesede egitea.
Pena, profesionaletara saltoa egin aurretik azken txapela jantzi ezin izana, Elgetako Lau t'erdikoa.
Ba bai, batetik, Elgetako txapelketa oso garrantzitsua delako. Eta bestetik, nire buruarekin haserre amaitu nuen norgehiagoka, txukun jokatu arren kontrarioak partidu biribila egin badu galdu izana ez delako horren gogorra izaten. Baina, txarto ibili nintzen, ez nuen nirea eman, eta horrek amorratu ninduen. Egia esan, horrelako partiduei nahikoa buelta ematen diet, akatsetatik ikasteko.