Bi omenaldi berezi izango ditu aurtengo Mairuaren Alardeak. Lehenik Alejandro Muxikari egingo diote omenalditxo bat alardean zehar. Urtetan kanoiak sutzen aritu da Muxika eta iaz egin zuen lan hori azkenengo aldiz. Aurten Mikel Larrañaga Maki-k hartu du haren lekua eta Muxikari omenalditxo bat egitea pentsatu du Alardea Biziberritzeko Taldeak; urte hauetan guztietan egindako lana eskertzeko.
Bigarren omenaldia alardea bukatu ostean egingo da. Iñaki Arbuluk urte askoan eraman du Antzuolako bandera alardean eta iazko abenduan hil zen. Alardean egindako lana eskertzeko eta haren familiari elkartasuna adierazteko gogora ekarriko da Iñaki Arbulu alardearen bukaeran.
Berrikuntza diskurtsoan
Aurtengo alardea iazkoaren ildotik joango da. 2009an izan zen alardearen aldaketa urtea eta iaz ere izan zituen berrikuntza batzuk –musika pieza, dantza berriak, mairuaren musikariak...–. Aurtengo alardean egongo den berrikuntza nagusia diskurtsoa laburtuko dutela da. Alardea biziberritzeko taldeak iaz ikusi zuen alardeak eszenifikazio aldetik erritmo bizia zuela, baina Joseba Iparragirre kapitainaren diskurtsoa luze gelditzen zela. Hala, aurtengo alardean diskurtsoa egokitu eta laburtzea erabaki dute.
Bestalde, beste aldaketatxo bat ere egin dute bukaeran abesten diren bertsoetan. 2009an Alfredo Gz. Chirlaque Bergarako bandako zuzendariak egindako musikari letra jarri zion Alardea Biziberritzeko Taldeak eta aurtengorako bertso horietan konponketatxo batzuk egin ditu Xabier Amuriza bertsolariak.
175 lagun inguru
Lagun askok parte hartzen dute alardean eta eszenifikazioan paper gehiago sortu ahala badirudi parte-hartzaileen familia hazten doala. Aurten 175 lagun inguru izango dira alardea posible egiteko lanean arituko direnak: mairua, Antzuolako konpainiako buruzagia, kapitaina, artillero burua, banderaduna, mairuaren segizioa, mairuaren musikariak, buruzagiaren gastadoreak, kanoneroak, fusilariak, danbor-joleak, txistulariak, abesbatza, umeen abesbatza, Oinarineko dantzariak, antolaketan eta laguntzen (makillatzen, janzten, argazkiak ateratzen) aritzen direnak...
Egunotan ari dira alardeko kide guztiak entseguak egiten. Datorren eguaztenean, hilak 13, egingo dute jaien aurreko azken entsegu orokorra. Herriko plazan bilduko dira alardean parte hartuko duten guztiak.
Mairuaren Alardea jaietako zapatuan egingo da, ohiko moduan. Lehenengo, 18:00etan, pilotalekuan elkartuko dira parte-hartzaile guztiak azken entsegu orokorra egiteko eta 19:00etan hasiko da alardea herriko plazatik. Herriko kaleetatik zehar desfilea egin ostean –Antigua aldera joango dira lehenengo eta Beheko auzotik plazara gero–, herriko plazan egingo da ekitaldi nagusia. Oinarinen dantzak alardean zehar ikusi ahal izango dira.
Mairuaren Alardearen gaineko informazio guztia duzue www.antzuola.com webgunean.