Domekako lasterketan, baina, proba hori ondo ezagutzen duten ziklistei gutxirako balioko die orain arteko erreferentziak, 110. kilometroan, urtero moduan, Asentzio igoko duten arren, Antzuolara bidea ez dutelako Elgetatik egingo, eta bai Kanpanzartik. Hala, lasterketak ohi baino bost kilometro gehiago izango ditu, baina ez dago garbi horrek zelan eragingo duen proban.
Azken urteotan, ihesaldietan
Antzuolako helmugara tropela erabat hautsita iritsi ohi da. Halaxe gertatu da, besteak beste, azken bi urteotan. 2010ean Naturgas taldeko Pello Bilbao izan zen azkarrena, eta iaz Omar Frailek (seguros Bilbao) aurretik izan behar zuen urte onaren lehen pistak erakusten hasi zen, helmugara bakar-bakarrik iritsita, tarte politarekin, gainera.
Horretarako, 72. kilometroan Deskargak lehen selekzioa egin ohi du, baina Asentzioko maldak erabakigarriak izaten dira; onenak baino ez dira geratzen hor, taldekideen babesetik urrun. Elgetatik Antzuolarako tartea bakarrik egitea nekeza da, baina nekezagoa izango da, domekan, bide hori Kanpanzartik egin behar badute. Kanpanzarrera arte, Asentzio lehena igo duenak indartsu badago tartea eskuratu ahal izango du, baina hortik aurrera, helmugara arte 14 kilometro geratuko dira, eta aproposak dira atzean taldea sortu eta ihes eginda doazenak harrapatzeko. Etzi, ziklistek 12:50 inguruan argituko dituzte zalantza horiek guztiak.