Aitor Mendizabal profesional bilakatu da

Xabier Urtzelai 2011ko eka. 29a, 20:47

Lortu du ametsa, Aitor Mendizabal pilotari antzuolarrak hiru urteko kontratua sinatu berri du Aspe enpresarekin: "Ametsa bete dut, profesional bilakatzea", adierazi digu. Mendizabalek egubakoitzean jokatuko du, Elgetan, amateur moduan azken partidua. Profesionaletara salto egiteko modu ezinhobea izango du, Lau t'erdiko finala izango du-eta jokoan.

"Baliteke profesional bilakatuta egubakoitzeko partidurako presio handiagoa izatea", onartu digu Mendizabalek. Presio ederra hori, ametsa bete du-eta. Datozen hiru urteotan Asperen elastikoarekin jokatuko du, Irujo, Xala, Barriola eta konpainiaren enpresa berean. Eta, Zarautzen egingo du debuta, uztailean.

Hala, egubakoitzean esango dio Antzuolak agur amateur moduan jokatzeari, Elgetako Lau t'erdiko finalean: "Ezkurdia izango dut aurrean, amateur mailara iritsi berria da, eta ez nago seguru haren kontra jokatu ote dudan". Hala, Aspek aurreratu du Mendizabalek Zarautzen egingo duela debuta, uztailean: "Imajinatzen dut debutaren egunean urduri egongo naizena, oraingoz lasai nago".

Hiru urterako

Mendizabalek hiru urte izango ditu profesional moduan jarduteko gauza dela erakusteko, ez du dena lehenengo urtean erakutsi beharko, horrek sortzen duen presioaz: "Bai, gauzak polikiago eta lasaitasunez egiteko aukera ematen du horrek, baina aprobetxatzeko aukera da hau".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak