Agur eta esker hitzak, agintaldiko azken osoko bilkuran

Usoa Agirre 2011ko ekainaren 9a

Atzo, eguaztena, 2007-2011 agintaldiko azken osoko bilkura egin zuen udalbatzak. Gai-zerrendan puntu bakarra zuten: aurreko akta irakurri eta onartzea. Lan hori egin, eta alkatearen eta zinegotzien agur- eta esker-mezuak etorri ziren gero. Hamar bat herritar ere hurbildu ziren azken osoko bilkura ikustera.

Pedro Iturbe alkateak berba egin zuen lehenengo:

  • "Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei, eman didaten aukeragatik."
  • "Zoriondu nahi nituzke 10 zinegotziak, ikuspegi ezberdina izan arren herriarengatik lanean zintzo jardun dutelako eta elkarlanerako puntuak bilatu ditugulako guztion artean."
  • "Datozen zinegotzi berriek badakit herriaren alde lan egiteko zintzo eta jator jardungo dutela, eta seguru nago ondo egingo dutela."

Pilar Etxaniz Zutikeko zinegotziak egin zuen berba gero:

  • "Saiatu gara ideiak pertsonengatik bereizten eta uste dugu elkarrekin lan egiteko moduko giroa izan dugula udalean."
  • "Tamalez oraindik ez dugu lortu bizkarzainik gabe egotea bilkuretan. Espero dugu lehenbailehen ETAk bere desagerpena iragarriko duela."
  • "Espero dugu udal gobernu berria benetan irekia eta plurala izango dela zentzu guztietan. Udal berriarekin kolaboratzeko borondatea azaldu nahi dugu."
  • "Eskerrik asko udal langileei euren laguntzagatik."

Jose Mari Iturbe Aralarreko zinegotziak hartu zuen hitza gero:

  • "Nekazaritza eta ingurumena bereziki zaintzen jakin dutelako eskerrik asko udalbatzari."
  • "Zinegotzi guztiekin udalean egotea ikastaro aberasgarri eta berezi bat izan da."
  • "Ondorengoei dirurik ez diegunez utzi, ateak zabalik uzten dizkiegu auzolanerako."

Paco Morcillo PSE-EEko zinegotziak ere berba egin zuen:

  • "Bizi izan ditudan agintaldi guztiak izan dira ezberdinak eta guztiak aberasgarri izan dira. Guztietan ikasi dut asko bai positiboki eta negatiboki."
  • "Udalbatzaren babesa izan dute proiektu gehienek eta hori positiboa da."
  • "Bakeari dagokionez, espero dut momentu hobeak iritsiko direla."
  • "Udalbatza berriari laguntzeko egongo gara ahal den guztian."
  • "Eskerrik asko udaleko langileei."

Ikusleen artean, Juan Antonio Iturbek berba egin zuen Antzuolako ezker abertzalearen izenean.

  • "Herri guztietan ez du agintaldi honetan ezker abertzaleak egoteko aukerarik izan, baina Antzuolan bai eta zorionak Antzuolan guztiek egindako ahaleginagatik demokrazia hori ejerzitatzeko."
  • "Zorionak kudeaketa eraginkorra eta arrakastatsua egin delako."
  • "Lagun bezala eredu izan zarete ezker abertzalearendako."
  • "Denon artean ea jarraitzen dugun horrela."

Taldeko argazkia egin zuten gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak