Mugarri berriak jarriko dituzte udan

Usoa Agirre 2011ko ekainaren 3a

63 mugarri-puntu daude Antzuolako udalerrian, baina horietako zortzi puntutan falta dira mugarriak. Udalak mugarri horiek jartzeko diru-partida aurreikusi du 2011ko aurrekontuetan. Hala, 1.879 euro bideratuko dituzte falta diren mugarriak jartzeko.

2007an, Landarraitz eta Arrola mendiak gurutzatzen dituen gasbideko bikoizte lanetan udalerriko hainbat mugarri kendu zituzten. Hori dela-eta, udala mugarrien inbentarioa eta lan horien jarraipena egiten hasi zen eta gasbideko lanak bukatzean mendi-gain horietan falta ziren mugarriak jarri zituzten.

Horren ostean hasi ziren gainerako mugarriak bilatzen, 2009an zenbait ibilbide antolatu zituzten horretarako, Arrolarekin batera. Jose Mari Iturbe nekazaritza zinegotziak azaldu digunez, "mugarriak bilatzeko laguntza izan dugu Antzuola, Bergara, Urretxu eta Legazpitik. Joseba Alonso goierritarrak ere asko lagundu digu. Eskerrak denei".

Txosten berria

Foru Aldundiak Gipuzkoako herrien arteko mugarrien gaineko azterketa topografikoa egin zuen 1939 eta 1942 urteen artean. Orduko aktak kontuan hartuta eta udalak azken urteotan batutako informazioarekin txosten berri bat egin dute orain. Mugarri bakoitzaren kokapenaren koordenadak, ezaugarriak eta argazkiak biltzen ditu txostenak; kopia bat dago udaletxean.

Txosten horren arabera, 63 mugarri-puntu daude Antzuolako udalerrian, baina horietako zortzi puntutan falta dira mugarriak. Udalak mugarri horiek jartzeko diru-partida aurreikusi du 2011ko aurrekontuetan. Hala, 1.879 euro bideratuko dituzte falta diren mugarriak jartzeko: Antzuola eta Urretxu artean hiru; eta Antzuola eta Bergara artean, berriz, bost. Jose Mari Iturbek esan digunez mugarrien kokapena zehaztuta eta adostuta dute muga egiten duten udalekin, "falta zaiguna mugarriak prestatu eta jartzea da; aurtengo udan egiteko asmoa dugu".

Mugarriak, erreferentzia

Herriaren mugak orokorrean elementu orografikoek zehazten dituzten arren (errekak, sakonerak, egiak...), lagungarri edo erreferentzia moduan jartzen dira mugarriak.

Antzuolako udalerria osatzen duten lurrek 22,3 km-ko perimetroa dute eta 63 mugarri daude guztira ibilbide horretan: 29 Bergararekin mugan, 13 Oñatirekin, 13, Legazpirekin, 11 Urretxurekin, 2 Zumarragarekin eta 2 Azkoitiarekin.

Zaharrenak, XVIII. mendekoak

Iturberen arabera, udalerrian jarritako lehen mugarriak 1768 ingurukoak izan daitezke, baina horietako gutxi gelditzen dira, "Gipuzkoan, 1889an jarri ziren mugarri gehienak". Mugarrien lehen aktak 1770ekoak dira. Gaur egun ofizialak direnak dira 1939 eta 1942 urteen artean Foru Aldundiak egindakoak. Herri ezberdinetako arduradunak testigu hartuta bete ziren akta horiek; Gipuzkoa.net webgunean kontsulta daitezke.

Iturbek esan digunez lehen ohitura zen pare bat urtez behin udalerrietako arduradunen artean mugarrien ibilbidea egitea, egoera zein zen jakiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak