Ikerketaren arabera, Antzuolako herritarren gogobetetze-maila 7,39 puntukoa da, ikerketa egin den Gipuzkoako 19 udalerrietako batezbestekoa baino (6,97) altuagoa. Era berean, "udalerria bizileku gisa" izeneko adierazleari 7,91 puntu eman dizkiote; hori ere batezbesteko orokorra baino altuagoa da. Adierazle horri batzuek lau puntu baino gutxiago eman dizkiote, "udalerrian gauza asko falta direlako" edo "dendarik ez dagoelako".
Berdeguneak eta zirkulazioa
Azterketan parte hartu dutenen iritziz, herriko arazo nagusiak dira garraio publikoaren falta, zirkulazioa eta lan falta. Bestetik, balorazio txikiena jaso duten adierazleak dira: berdeguneen kopurua (5,14) eta kalitatea (5,88); zirkulazioa (5,73); eta lan egiteko aukerak (5,80).
Ikerketaren arabera, zirkulazioarena konpondu gabeko arazoa da Kudeatuz programan parte hartu duten udalerri guztietan. Antzuolaren kasuan, gainerako udalerriek baino balorazio hobea lortu du: 5,73 (5,47ko batezbestekoa dute besteek).
Zerbitzuak
Herriko osasun-zerbitzuari 6,67ko nota eman diote elkarrizketatutakoek. Ikerketaren arabera, "berez balorazio eskasa ez bada ere, ingurukoekin alderatuta eskasa da". 6,94tik gorakoa izatea da ohikoa. Ur-hornidura zerbitzuak ere erreferentziazko batezbestekoa (7,56) baino nota baxuagoa izan du (7,02).
Udal-zerbitzuei dagokienez, herritarren eskakizun nagusiak dira: igerilekuak (%16,5), garraio publikoa hobetzea (%12,6) eta kiroldegia (%9,3). Ongien dabiltzan udal-zerbitzuak, berriz, honakoak dira: Torresoroa, irakaskuntza oro har eta udalaren administrazioa.
Irakaskuntzak nota altua
Haurren irakaskuntzaren kalitateak erreferentziazko batezbestekoa (7,47) gainditzen du, 7,87ko notarekin. Kirolen eta gizarte zerbitzuen arloei dagokienez ere, balorazioak erreferentziazko ehunekoen gainetik daude: kirolen sailak 6,53 puntu izan ditu (6,38 da erreferentziazkoa); gizarte zerbitzuei 7,29 puntu eman dizkiete (6,70 da erreferentziazkoa). Aisia eta kultura zerbitzuei dagokienez, 6,49 puntu eman dizkiete; batezbestekoa 6,62 da.
Udalaren kudeaketa 6,63 punturekin baloratu dute, (5,93 da batezbestekoa). Udalak egindako lan positibotzat jo dituzte obrak, Torresoroa eta patioa estaltzea; negatibotzat, berriz, zirkulazioaren kudeaketa, igerilekua ez egitea eta garbitasun falta.
- Antzuola bizileku gisa 7,91
- Haurren irakaskuntza 7,87
- Etxebizitzen kalitatea 7,57
- Euskara 7,55
- Satisfazio orokorra 7,39
- Gizarte zerbitzuak 7,29
- Alkatearen lana
- Antzuolako jaiak 7,07
- Ur hornikuntza 7,02
- Osasun zerbitzuak 6,67
- Udaleko kudeatzaileen lana 6,63
- Kirola 6,53
- Hiritarren segurtasuna 6,52
- Kultura eta aisialdia 6,49
- Kaleen argiztapena 6,44
- Gazteria 6,33
- Bide publikoen egoera 6,10
- Zergen bilketa 6,03
- Berdeguneen kalitatea 5,88
- Lan egiteko aukerak 5,80
- Trafikoa 5,73
- Berdeguneen kopurua 5,14