Aurten, nobedade moduan, kale-bazkaria egingo da jaietako egubakoitzean. Badira urte batzuk herriko koadrila askok egubakoitzean bazkaria egiten dutena jatetxeetan. Herriko jatetxeetan leku falta dela eta kanpora joan behar izaten dute askok bazkaltzera. Horregatik, zenbait koadrilak proposamena egin dute jai-batzordean, egubakoitzean kale-bazkaria egiteko mahaiak jar ditzaten. Jai-batzordeak aintzat hartu du proposamena eta aurten mahaiak jarriko dira egubakoitzean Kalebarrengo arkupetan nahi duenak bertan bazkal dezan.
Alardean parte hartzeko deia
Mairuaren alarderako prestaketa lanetan hasita daude. Parte-hartzea irekia denez, gonbidatu nahi dituzte inoiz parte hartu ez dutenak, parte har dezaten. Beraz, norbaitek izena eman nahi badu, deitu dezala udaletxera edo idatz dezala kultura@antzuola.net helbidera. Aurten uztailaren 16an egingo da alardea.