Badira urte batzuk herriko koadrila askok egubakoitzean bazkaria egiten dutena jatetxeetan. Herriko jatetxeetan leku falta dela eta kanpora joan behar izaten dute askok bazkaltzera. Horregatik, zenbait koadrilak proposamena egin dute jai-batzordean, egubakoitzean kale-bazkaria egiteko mahaiak jar ditzaten. Jai-batzordeak aintzat hartu du proposamena eta aurten mahaiak jarriko dira egubakoitzean Kalebarrengo arkupean nahi duenak bertan bazkal dezan. Gastronomia lehiaketa egiten da goizean zehar bertan eta mahaiak hor lagako dituzte koadrilek bazkaltzeko.
Egitaraua zehazteko bilera
Jone Larrañaga udaleko Kultura teknikariak esan digunez guztiz zehaztu barik dago oraindik egitaraua, baina aurreko urtekoaren bidetik joango da: eguenean udaleku irekietako bazkaria, eta dantzari eta zinegotzien dantzaldia; egubakoitzean gastronomia lehiaketa eta kale-bazkaria; zapatuan Mairuaren alardea eta Joselu Anaiekin erromeria; eta domekako egitarauan oraindik ezer zehaztu gabe dago.
Jai-batzordeak bilera egingo du gaur, martitzena, 18:00etan, udaletxeko beheko gelan. Bilera irekia da eta nahi duten herritarrek parte har dezakete.