Mendizabal eta Irureta nagusi Debarroko txapelketan

Maider Arregi 2011ko maiatzaren 15a

Ozkarbi taldeko pilotariek bikote indartsua osatzen dutela garbi utzi zuten. Joko polita erakutsi zuten Mendizabalek eta Iruretak zapatuan jokatutako finalean. Aise menderatu zituzten bergararrak hasieran, partidua nahiko berdinduta joan arren. Finaleko pilotari onenak berriz, maila bakoitzean hauek: Kadete mailan, Kortabarria; gazte mailan Gallastegi eta seniorretan Mendizabal. Hemen duzue argazki galeria ikusgai.

Senior mailako partiduan, Ozkarbiko bikoteak maila paregabea erakutsi zuen. Mendizabal aurrean fin ibili zen eta denetik egin zuen. Atzean, berriz, Iruretak ondo dominatu zuen pilota eta partidua erraz irabazi zuten. Tanto politak eskaini zituen Mendizabalek pilota erakustaldi ederra emanez. Hasieran, partidua nahiko parekatuta egon arren, aurrea hartu zieten Jauregi eta Muguruza bergararrei.

Gazte mailan, Gallastegi oso ondo aritu zen, partidua berak irabazi zuela esan daiteke. Rezustak atzean oso lan gutxi izan zuen, Iriondok ez zion-eta burukomin eta neke handiegirik eman.

Kadete mailako partiduan, berriz, kolore gutxi ikusi genuen. Pilotarien arteko aldea nabarmena zen. Kortabarria eta Garatek aise irabazi zien bergararrei. Gorpuzkeran gehiago ziren Elgoibarko pilotariak eta kantxan igarri egin zen hori. Indarrez apurtu zituzten Gabilondo eta Diez aurkariak, eta ez zen lehia gogorrik egon.


Pilotari onenak
Nahikoa lan izan zuen epaimahaiak hiru finaletako pilotari onenak aukeratzen. Kadete mailan, Kortabarriarendako izan zen garaikurra. Atzean sekulako lana egin zuen pilotari gazteak eta kadete mailako pilotari onena aukeratu zuten. Gazte mailan Gallastegik, aurrean erakutsitako mailagatik eskuratu zuen txapela. Partidu osoa lan gehien berak egin zuen. Eta seniorretan, GRAVN irabazi berri duen Mendizabalendako izan zen pilotari onenaren saria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak